Itxi

Kargu hartzea

'Arabar guztientzat' arituko dela esan du Arabako Foru Aldundiak

Agentziak | Erredakzioa

Foru gobernuko zortzi diputatuek, sei jeltzalek eta bi sozialistek, karguaren zina egin dute gaur. Gainerako alderdiekin hitz egingo dutela nabarmendu dute.

Gonzalez ekainaren 30ean izendatu zuten ahaldun nagusi. Argazkia: EiTB

Arabako foru gobernuko kide berriek karguaren zina egin dute astelehen honetan Arabako Batzar Nagusien egoitzan egindako ekitaldi jendetsu batean. Ekitaldian, "arabar guztientzat" aritzeko eta "akordioa eta adostasuna xede, Batzar Nagusietako indar politiko guztiekin" hitz egiteko konpromisoa hartu dute denek.

EAJko sei diputatuk eta PSE-EEko bik osatzen dute Ramiro Gonzalezen (EAJ) gobernua. Cristina Gonzalez sozialistak izan ezik, euskaraz eta gaztelaniaz egin dute karguaren zina, eskua Arabako lege eta ordenantzen liburuaren gainean zutela.

Legegintzaldi "gakoa" Arabarentzat

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren hitzetan, hasi den legegintzaldi hau "gakoa izango da Arabako etorkizunean", eta Arabako Gobernua osatzen duten batzarkideek "Arabako arazoak konpondu eta lurraldea eta arabarren bizi kalitatea hobetzeko" lan egingo dutela nabarmendu du.

Ekitaldian, besteak beste, Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Feliz Ormazabal Arabako ahaldun nagusi ohia, Estefania Beltran de Heredia eta Ana Oregi Segurtasun eta Ingumen sailburuak eta Xabier Agirre EAJren Arabako presidentea izan dira.

Diputatu jeltzale hauek osatuko dute Ramiro Gonzalez Vicenteren gobernua: M. Pilar Garcia de Salazar Olano (Arabako diputatu nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua), Jose Luis Cimiano Ruiz (Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatua), Beatriz Artolabal Albeniz (Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatua), Jose Antonio Galera Carrillo (Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua), Eduardo Aguinaco Lopez de Suso (Nekazaritza Saileko foru diputatua) eta Igone Martinez de Luna Unanue (Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua).

PSE-EEko kideak, berriz, Cristina Gonzalez Calvar (Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatua) eta Josu Lopez Ubierna (Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua) izango dira.

Albisteak (1)