Itxi

M26

Hauteskunde mahaia saihesteko ordezko baten bila

M. D. | eitb.eus

Leer en Castellano

Zozketa bidez hautatzen dira mahaiko kideak, baina ez parte hartzeko helegiteak aintzat hartzen ez dituztenean ere, hauteskunde batzordeak aldaketak onartzen ditu.

Gasteizko hauteskunde mahai bat. Argazkia: EFE.

Ia edozein herritar hautatu dezakete hauteskunde-mahai bateko presidentea edo eleduna izateko. Askok parte hartzeko gogoarekin onartzen dute lan hori, beste batzuk hauteskunde-prozesuari bere ekarpena egiteko irrikan daude, eta egun osoa hauteslekuan eman behar dutela pentsatze hutsak larritasuna eragiten die beste batzuei.

Zozketa bidez hautatzen dira mahaiko kideak, eta, egokituz gero, nahitaez bete behar da ardura hori. Ez aurkezteak ondorioak ditu. Bertaratzen ez denari zigor administratiboa, isun ekonomikoa nahiz urtebeterainoko espetxealdia ezar diezaiokete.

Hautatua salbuesten duten arrazoi pertsonalak, familiarrak eta profesionalak daude, baina ez da erraza. Hauteskunde Batzordeak ez badu hautatuak jarritako helegitea onartzen, zer egin daiteke?

Guztiz debekatuta eta gogor zigortuta dago hauteskunde "sari" hori salerostea. Azken urteetan, bere mahaiko tokia beste bati pasatu nahi izan diote zenbaitek, Interneten iragarki bat erabilita, diruaren truke, baina hori ez dago baimenduta. Gasteizko Hauteskunde Batzordeko presidente Belen Gonzalezek azaldu duenez, mahaira joan behar den norbaiten ordez beste pertsona bat agertzen bada eta hura ordezkatzeagatik dirua jaso esaten badu, lehenengoa zigortuko dute. "Larrutik ordainduko du", gehitu du.

Hala ere, egoera batzuetan, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak aintzat hartzen dituen arrazoiren batengatik mahaira joatetik libratu ezin arren, eskualdeko hauteskunde batzordeek aldaketak onartzen dituzte.

Onartu ezin dituzten helegiteak jasotzen dituzte hauteskunde batzordeek, baina zenbait kasutan, ordezkoak onartzen dituzte. Hauek dira egin beharreko urratsak:

1. Mahai berean bozkatu behar duen beste pertsona bat hautatu. Kasu gehienetan familiarrak izaten dira, baina auzokide batek ere egin dezake.

2. Eskualdeko hauteskunde batzordera mahaiko kidea izan beharraren berri ematen dizun zitazioarekin joan.

3. Ordezkoarekin batera joan edo haren nortasun agiria eraman.

4. Zitazioa bertan behera utziko du hauteskunde batzordeak, eta berri bat egingo du ordezkoarentzat.

Gutxienez, 200 pertsona daude hauteskunde mahai bakoitzean atxikita. Beraz, gutxienez, bakoitzak beste 199 auzokideren artean bilatu ahalko du ordezkatzeko boluntario bat.

Kasu bereziak

Bilboko Hauteskunde Batzordean azaldu dutenez, ez da ohikoa ordezkoa onartzea. Parte hartzeko salbuespenen artean ez dauden arrazoiengatik, hauteskunde batzordeak seme bati bere gurasoa ordezkatzeko baimena eman diezaioke, adibidez, gurasoak, analfabetoa izan ez arren, bere eginkizuna betetzeko arazoak izango baditu.

Mugatuak dira hautatu bat salbuesteko arrazoi profesionalak, baina ordezkatzeko prest dagoen boluntario batekin joan daiteke langilea hauteskunde batzordearen egoitzara. Hori izan zen Mikel Calvoren kasua. Aktoreak obra bat zeukan programatuta apirilaren 28rako. Ofizialki ezin izan zuten salbuetsi, baina bere mahaiko boluntario bat topatu zuen, bere eraikinean iragarpen bat jarrita.

Albisteak (1)