Itxi

M26

Navarra Sumak irabazi ditu hauteskundeak eta laukoak gehiengoa galdu du

EITB.EUS

Leer en Castellano

Navarra Suma izan da Foru Erkidegoan bozkatuena (19 eserleku), PSNren (11), Geroa Bairen (9), EH Bilduren (8), Ahal Duguren (2) eta I-Eren aurretik (1).

Nafarroako Parlamentuko datuak, grafika batean. ETBren bideo batetik ateratako irudia

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, aldaketako alderdiek ezin izan dute duela lau urteko garaipena berretsi. Navarra Suma koalizioak (UPN, PPN eta Ciudadanos) eskuratu du garaipena, 19 eserlekurekin, duela lau urte UPNk eta PPNk lortutakoak baino 2 gehiago, botoen % 97,29 zenbatuta.

PSN bigarren indarra izatera igaro da, 11 aulkirekin, 2015ean baino 4 gehiago. Geroa Bai hirugarren postura jaitsi da, 9 ordezkarirekin, duela lau urte bezainbeste. EH Bildu izan da laugarren alderdi bozkatuena, 8 eserlekurekin, 2015ean bezalaxe.

Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak nabarmen egin dute behera. Koalizio morea bosgarrena izan da, 2rekin, orain arte baino 5 gutxiago. Azkenik, Izquierda-Ezkerrak ordezkari bat galdu du, 2tik 1era.

Beraz, laukoa 26 ordezkari izatetik 20 izatera igaro da, Uxue Barkosek lehendakari gisa jarraitzea eragotziz. Geroa Baik eta EH Bilduk eserleku kopuru bera eskuratu dute, bederatzi eta zortzi hurrenez hurren, baina Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak atzerakada handia jasan dute.

Azkenean, inkesta batzuek kontrakoa bazioten ere, Vox ez da Nafarroako Parlamentuan sartu.

50 parlamentari ditu Nafarroako Legebiltzarrak, beraz, gehiengo absolutua 26tan dago.

Balizko itunak

Alderdi bakar batek ere gehiengo absolutua lortu ez duenez, itunak behar-beharrezkoak izango dira.

Datuak eskuan, Navarra Suma eta PSN dira gobernu osaketa gidatzera deituta dauden indarrak. Eskuineko koalizioaren kasuan, ikusteke dago nahikoa babes lortzen duen ala ez. Javier Esparza presidente izan daiteke, PSNren botoak batuta. Esparzak, aitzitik, atea itxi dio Chivite presidente egiteko aukerari eta eskua luzatu dio gobernu "konstituzionalista" bat eratzeko.

Bigarren aukerari dagokionez, PSNk Gobernua osatzeko benetako aukerak izan ditzake. Nafarroako Gobernuaren buru izan nahi duela aurreratu du. PSNk Geroa Bairen, Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren babesa jaso dezake. Kasu horretan ere, EH Bilduren abstentzioa ezinbestekoa litzateke.

Erreakzioak

Javier Esparza Navarra Suma koalizioko zerrendaburuak eskua luzatu dio PSNri, "Gobernu konstituzionalista bat" osatzeko. Hala ere, ezezko biribila eman dio Maria Chivite sozialista Nafarroako lehendakari egiteko aukerari.

Esparzaren esanetan, Nafarroako gizarteak gobernua osatzeko mandatua eman die: "Nafarroak aldaketa bozkatu du, gobernu aldaketa, ezetz esan dio euskal nazionalismoari, esperimentuari eta laukoari". Hori dela eta, astelehenean bertan Maria Chiviterekin harremanetan jarriko dela iragarri du, Nafarroan gobernu konstituzionalista osatzeko. Haren hitzetan, bi aukera baino ez daude: gobernu konstituzionalista edo nazionalistekin egindako gobernua.

Maria Chivite PSNren lehendakarigaiak ziurtatu duenez, "gobernu aurrerakoi" bat gidatu nahi du. Dena den, argi eta garbi adierazi du ez duela gobernu akordiorik lortuko EH Bildurekin eta ez dutela Javier Esparza (Navarra Suma) presidente egingo.

Orain arte esandakoarekin koherente jokatuko dutela azpimarratu ostean, gobernu aurrerakoi bat gidatuko duela aldarrikatu du: "Ez diogu bototik emango Esparzari". Ildo horretan, elkarrizketa aro bat irekiko duela azaldu du.

Uxue Barkos Nafarroako jarduneko lehendakari eta Geroa Baiko lehendakarigaiak kiroltasunez onartu ditu hauteskundeetako emaitzak, "demokrazia" dela iritzita. Dena den, gizarte justuago bat defenditzen jarraitzeko anbizioa erakutsi du.

Lehen indarra izan den Navarra Sumako Javier Esparza hautagaia zoriondu du bere lehen postuagatik eta Maria Chiviteri eskua luzatu dio, gehiengo "progresista" bat osatzeko. Gauzak horrela, "gehiengo progresista eta anitzak" osatzeko "arduraz" jokatuko dutela aldarrikatu du.

Bakartxo Ruiz Nafarroako Gobernurako EH Bilduren lehendakarigaiak balorazioa egiterakoan aitortu duenez, emaitzak ez dira onak izan aldaketak gehiengoa berrestea lortu ez dutelako. Hala eta guztiz ere, Nafarroa "justuago, duinago eta demokratikoago" baten alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa agertu du.

Emaitzak emaitza, harro mintzatu da "EH Bilduren lanarekin eta EH Bilduk Nafarroan zehar lortu duen babesarekin", EH Bilduk lurraldean duen babes sozial sendoaren erakusgarri delakoan.

Mikel Buil Ahal Duguko Nafarroako lehendakarigaiak bere agerraldian onartu duenez, hauteskundeetako emaitzak "oso txarrak" izan dira: "Hauteskunde hauek PSOEk irabazi dizkigu eta nabarmena da eskuineko boto-emaileak mobilizatu egin direla eta emaitza ona lortu dutela".

Javier Esparza Navarra Sumako lehendakarigaia zoriondu ostean, "aurrez aurre" izango dituztela esan dio.

Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako zerrendaburuak "atsekabetuta" daudela onartu du. Gaineratu duenez, ez zuten "inondik inora" espero ordezkari bakarra lortzea.

Hauteskundeen balorazioa egiteko agerraldian, azken lau urteotan egindako lana goraipatu du eta harrotasunez mintzatu da "baina Nafarroako herritarrek ez dute horrela ulertu". Kontuak kontu, beren proiektu politikoa aurrera ateratzeko lanean jarraituko dutela esan du.

Parte-hartzea

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Presidentetzako, Funtzio Publiko, Justizia eta Barne kontseilariak hauteslekuak itxi bezain laster eskainitako prentsaurrekoan, hauteskunde egun honetan izandako parte-hartzea nabarmendu du eta eskerrak eman dizkie boto-emaileei.

Parte-hartzea 2015ekoa baino ia lau puntu handiagoa izan da % 68,26tik % 72,17ra igarota.

Bestalde, eguna normaltasunez eta lasaitasunez iragan dela adierazi du Beaumontek.

Kontzejuetarako hauteskundeetako emaitzak astelehenean ezagutaraziko dira.



Albisteak (1)