M26
M26ko hauteskundeek utzi dituzten lerroburuak
eitb.eus
Hau da EAEko, Nafarroako, Espainiako Estatuko eta Europako emaitzak eskuan hartuta osatu den argazkia.
- EAJk Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen indarra sendotu du, hiru hiriburuetan eta Batzar Nagusietan garaile izan baita M26ko bozetan. Batez ere Bizkaian eta Araban batu ditu zinegotziak. Gasteizen 1995etik lehen aldiz nagusitu da eta Bilbon, gehiengo osotik oso gertu geratu da. Barakaldon eta Getxon (Bizkaia) garaipen zabalak lortu ditu, eta Bermeon EH Bilduri kendu dio lehen postua.
- EH Bilduk babesa handitu du hiru lurraldeetako udal hauteskundeetan, eta bereziki Gipuzkoan indartu da: 21 zinegotzi gehiago eskuratu ditu. Laudion (Araba), ordea, lehen indar izateari utzi dio. Garaile atera den herririk handiena Errenteria (Gipuzkoa) da.
- PSE-EEk behera egin du Gipuzkoan, baina gotorleku dituen hainbat udalerriri eutsi die: hala nola, Irun, Eibar, Lasarte-Oria eta Zumarraga (Gipuzkoa) eta Portugalete (Bizkaia). Bizkaian eta Araban gora egin du boto kopuruan.
- Alderdi Popularra nabarmen jaitsi da udal hauteskundeetan, eta 24 zinegotzi galdu ditu. Lehen postua galdu du Gasteizen eta Araban, eta azken horretan laugarren indarra da. Bastidan, Guardian, Navaridasen eta Mañuetan gailendu da bakarrik.
- Elkarrekin Podemos lehen aldiz aurkeztu da izen horrekin udal hauteskundeetan, eta 74 ordezkari lortu ditu.
- Ciudadanos batzarkide eta zinegotzi gabe geratu da.
- Foru erkidegoan Navarra Sumak irabazi du, eta PSN bigarren postura igo da, Geroa Bai eta EH Bildu aurreratuta. Lauko gobernuko indarrek ez dute eskuinari irabazteko nahikoa babes.
- Iruñeko Udalean, gehiengo osoa izatetik zinegotzi bakarrera geratu da Navarra Suma. Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak, berriz, hondoa jo dute, ez baitute ordezkaritzarik lortu. Hala, Joseba Asironek zail du Alkatetza berriro eskuratzea.
- Geroa Baik Altsasun zuen babesa bikoiztu du: Udaleko 13 zinegotzitik 10 eskuratu ditu, botoen % 62,46rekin.
- PSOEk aise irabazi ditu Europako hauteskundeak Espainiako Estatuan, PPk baino 12 puntu gehiago lortuta. Ciudadanos hirugarren indarra izan da, eta Podemos, laugarren.
- Voxek 3 eurodiputatu izango ditu Europako Parlamentuan, apirilaren 28ko emaitzekin alderatuta, lau puntu jaitsi bada ere.
- Carles Puigdemontek (Junts per Catalunya) eta Oriol Junquerasek (Orain Errepublikak) eserlekua eskuratu dute Europako Ganberan. Presidente ohiaren hautagaitza izan da bozkatuena Katalunian, baina Espainiar estatu osoan, ERCren aukerak, EH Bildurekin eta BNGrekin koalizioan, lortu ditu boto eta ordezkari gehiago.
- Euskal hautetsiek ere izango dute lekua Europako Parlamentuan: Izaskun Bilbao (CEUS, EAJ) eta Pernando Barrena (Orain Errepublikak, EH Bildu), hain justu.
- Europar Batasunean Alderdi Popularra izan da bozkatuena (botoen % 23,7), eta bigarrenak sozialdemokratak (% 19,57). Lehenengo aldiz bien batuketa Europako Parlamentuaren erdia baino txikiagoa da.
- Elkartasun Nazionalak, lehen Fronte Nazionala zenak, irabazi ditu Europako hauteskundeak Frantziako Estatuan. Emmanuel Macronen Martxan alderdia bigarren geratu da, eta berdeak, hirugarren.
- Erresuma Batuan, brexit-aren Europako hauteskundeetan, Nigel Farageren alderdia nagusitu da, botoen % 30 pasatxorekin.
- Madrilen, PPk, Ciudadanosek eta Voxek bat egingo balute Alkatetza kenduko liokete Manuela Carmena Mas Madrideko alkategaiari. Zinegotzi bat galdu du bere zerrendak.
- Bartzelonan, ERCk Barcelona en Comun aurreratu du, alde txikiagatik bada ere. Horrenbestez, litekeena da Ernest Maragallek Ada Colauren lekua hartzea garaipen historiko horren ostean. Manuel Valls laugarren geratu da.
- PSOE izan da indar bozkatuena Espainiako Estatuko erkidegoetako hauteskundeetan. Kantabria eta Nafarroa dira salbuespen bakarrak; lehengoan, Miguel Revillaren PRCk irabazi du.