Itxi

KANPAINAURREA

Urkulluk "eredugarriak" izatea eskatu die EAJko kargudunei eta hautagaiei

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Gaur egungo kargudun jeltzaleei gauzak "ongi" egin dituztela adierazi ostean, ohartarazi du "bide horretatik jarraitu" behar dutela, "autokonplazentzian erori gabe".

Ortuzar eta Urkullu, EAJk BECen egin duen ekitaldian. Argazkia: Efe

Iñigo Urkullu lehendakariak "pertsona ororen bizi kalitatea" hobetzeko deia egin die maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztuko hautagaiei, "lagun dezatela herri, hiri edo lurralde hobea eraikitzen", "eredugarriak" izaten beti ere.

Barakaldoko (Bizkaia) BECen hautagai jeltzaleak aurkezteko egindako ekitaldian, "Aurrera egiteko" kanpainaren baitan, eta 2.000 jarraitzaile eta kideren aurrean, Urkulluk esna du "oso egoera zaila" bizitzea egokitu zaiela, pandemiak eta Ukrainako gerrak utzi dituzten "ondorio sozial eta ekonomikoei" erreferentzia eginez.

Gaur egungo kargudun jeltzaleei gauzak "ongi" egin dituztela adierazi ostean, ohartarazi du "bide horretatik jarraitu" behar dutela, "autokonplazentzian erori gabe, erakunde guztiak elkarlanean, ekimen pribatuarekin eta hirugarren sektorearekin lankidetzan".

Andoni Ortuzar EBBren presidenteak "ahal den emaitza onena" lortzeko deia egin du, aldundiak eta udalak ondo gobernatuta egon daitezen, eta bizi kalitatea eta zerbitzu publikoak geroz eta hobeak izan daitezen. "Sekula ez zaigu ahaztu zertarako gauden hemen. Jendearen zerbitzura gaude. Gure betebeharra herria eraikitzea, lurraldea eraikitzea, nazioa eraikitzea da. Eta jendearentzat lan egitea", berretsi du.

"EAJ eredua" defendatu ostean, Ortuzarrek aitortu du "elkarren segidako zailtasunak" bizi izan dituztela krisi ekonomikoagatik, pandemiagatik, gerrengatik eta "kezka ekonomiko berriengatik". Dena den, azpimarratu du "herri gisa" jakin egin dutela "denboraleari aurre egiten, herri gisa eusten eta gehien behar zutenei laguntzen, inor atzean gera ez zedin".

"Zerbitzu publikoak zaindu ditugu. Hazkunde ekonomikoari eta enpleguari eutsi diegu. Ez dakigu zer etorriko den. Baina euskal gizarteari helarazi nahi diodana da EAJ prest dagoela, proiektuekin eta aurrekontuekin, seriotasunez eta zentzuz, zintzo eta buru-belarri", gaineratu du.