Itxi

KANPAINAURREA

Euskadi aurrera aterako duela defendatu du EAJk, jendea "ondo bizi dadin", "duintasunez"

AGENCIAS | EITB MEDIA

Leer en Castellano

EAJk Ezkerralderako eta Meatzealderako dituen hautagiak aurkeztu ditu gaur Santurtzin eta bertan hitz egin du Andoni Ortuzar alderdiko presidenteak.

Andoni Ortuzar gaur, Santurtzin. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan du bere alderdia "topera" arituko dela Euskadiren alde, "lidergo partekatuan", "etorkizun ona lortzeko eta euskal nazioa gero eta askeagoa izateko". Zentzu horretan, EAJ "abertzalea" dela azpimarratu du, baina, bere ustez, "Euskadi askea izan dadin, lehenik eta behin euskal gizonak eta emakumeak aske izan behar dira", eta horretarako "ondo bizi beharra dago", "duintasunez".

Santurtzin (Bizkaia) egindako ekitaldi batean, EAJk Ezkerraldeko eta Meatzaldeko alkatetzarako hautagaiak aurkeztu ditu maiatzaren 28ko hauteskundeetarako, eta bertan, Ortuzarrez gain, Elisabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusigaiak ere parte hartu du.

EAJko presidenteak bere hitzaldian adierazi duenez, bere alderdiak bi eskualde horiekin duen konpromisoa "Euskadiren motorra izan da eta berriro izan behar du". Gauzak horrela, "behin izan zirena eta gehiago" izatea nahi duela adierazi du.

"Kalearekin kontakturik ez galtzeko" eta "borroka ideologikoa emateko" deia egin die hautagaiei, eta ziurtatu du bere alderdia ez dela "zarata politikoaz kutsatuko", ezta "orain dagoen politika egiteko modu bitxiaz" ere.