Itxi

KANPAINAURREA

Esparza: "Hauteskundeen gakoa ez da Sanchez edo Feijoo, baizik eta PSN eta Bildu edo UPN"

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kontseilu Politikoa bildu du UPNk gaur Iruñean. Nafarroako Gobernurako presidentegaiak azpimarratu du Nafarroan erabakiak hartzen dituen alderdi bakarra UPN dela; Geroa Baik eta EH Bilduk, "Bilbon" hartzen dituztelako erabakiak, eta PSOEk eta PPk, berriz, "Madrilen".

Esparza UPNko Kontseilu Politikoan, alderdiak berak sareetan zabaldutako irudian.

Javier Esparza UPNko presidente eta Nafarroako Gobernurako presidentegaiak ohartarazi duenez, maiatzeko foru hauteskundeen gakoa "ez da Sanchez edo Feijoo," baizik eta "PSNren gobernuak jarraitzen duen EH Bildurekin, edo UPN dagoen Gobernuan". UPNk bakarrik ken dezakeela PSN Gobernutik esan du eta, era berean, Estatu mailan botoak ateratzeko helburuz Nafarroa erabiltzen ari direnak ere kritikatu ditu.

Iruñeko Iruña Park hotelean Kontseilu Politikoa bildu du gaur UPNk maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan UPNren zerrendak izango direnak onartzeko. "Gizarte zibileko kide berri baliotsuak" eta "jarduera politikoan eta kudeaketan esperientzia duten pertsonak" konbinatuko dituzten zerrendak, erregionalisten hitzetan. "UPNn eta gure alderdiak ordezkatzen duen horretan sinesten duten gizona-emakumeak biltzeko gai izan gara", nabarmendu du Esparzak.

"Nafarrek beti eman izan digute konfiantza, eta berriro ere emango digute" esan du UPNko buruak eta berretsi du alderdi erregionalista dela "PSNk EH Bildurekin gobernatu ez dezan dagoen alternatiba bakarra". "EH Bilduk lurralde honetan agintzen jarraitzea saihesteko modu bakarra UPNri botoa ematea da" esan du.

Nafarroan erabakiak hartzen dituen alderdi bakarra eurena dela ere argi utzi nahi izan du Esparzak, Geroa Baik eta EH Bilduk "Bilbon hartzen baitituzte erabakiak" bere iritziz, eta PSOEk eta PPk "Madrilen".