Kanpainaurrea
Eva Lopez de Arroyabe: "Inon ez dago idatzita gauzek beti berdin jarraitu behar dutenik"
Agentziak | EITB Media
Arabako diputatu nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak "erabaki ausartak" eskatu ditu Amurrion, "garai berriei aurre egiteko irtenbideak" emango dituzten "lidergo eta gehiengo berriak" osatzeko.
Eva Lopez de Arroyabe Arabako diputatu nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak azpimarratu duenez, "herri honek lidergo berriak behar ditu, gehiengo berriak eta garai berriei aurre egiteko irtenbideak". Hala esan du igande goizean, Amurrion, Jon Berganza buru duen Amurrioko alkatetzarako EH Bilduren hautagaitza aurkezteko ekitaldian. Bertan adierazi duenez, maiatzaren 28an "asko dugu jokoan".
Ildo horretan gogorarazi du "plazarik handienak (besteak beste, Arabako Aldundia, Gasteizko Udala, Laudio, Amurrio eta Agurain) lortzeko lehian" dela, eta esan duenez, "inon ez dago idatzita gauzek beti berdin jarraitu behar dutenik; are gehiago, gauzek ezin dute berdin jarraitu". "Kaletik eta oposiziotik gauza handiak lortu baditugu, pentsa zer lor genezakeen kaletik eta gobernuetatik, pentsa noraino eraman genezakeen lurralde hau, noraino eraman dezakegun herrialdea. Hori da erronka, hori da jokoan dagoena", nabarmendu du.
Horregatik, "erabaki ausartak" eskatu ditu eta dei egin du "inor atzean utziko ez duen gizarte bat eratzeko; inork alokairua ala berogailua aukeratu behar izan ez dezan; egunean zortzi ordu lan egin arren, pobreziara kondenatuko ez gaituen gizarte bat; gaixorik gaudenean denbora eta arreta emango digun gizarte bat; bizi-proiektu bat garatu ahal izateko etxebizitza duina bermatuko duena, prezio duinetan".