Hauteskunde-kanpaina
Alderdi guztiak buru-belarri, hauteskunde-kanpainaren lehenengo larunbatean
eitb media
Hauteskunde-ekitaldiak egin dituzte EAJk Laudion eta Getxon, EH Bilduk Bilbon, PSE-EEk hiru hiriburuetan, Elkarrekin Podemosek Araban, eta PPk Bizkaian eta Donostian. Nafarroan, EH Bilduren zerrendak piztutako eztabaidak baldintzatu du eguna.
Hauteskunde kanpainako lehen asteburuari ekin diote gaur euskal alderdiek eta hau da gaurko ekitaldi nagusien laburpena:
EAJk nazio mailako bi ekitaldi antolatu ditu gaurko, bat eguerdian egin du Laudion, eta bestea 18:30ean izan da Getxon. "Herritar guztien ongizatea bermatzeko", jeltzaleen eredua aldarrikatu du Ortuzarrek Laudion eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun eta ahaldungaiak balioetsi egin du Aiaraldean industria eta ekonomia indartzeko 41 milioi euroko plana. Iñigo Urkullu lehendakaria ere egon da arratsaldeko ekitaldian. Getxon, aldiz, EAJk ziurgabetasun uneetatik irteteko "erantzunak" dituela azpimarratu du Andoni Ortuzarrek, erakundeetako goi karguetan emakumeak jartzeko EAJk egin duen apustua aldarrikatu du, eta Bizkaian kristalezko sabaia apurtuko dutela ziurtatu du.
EH Bilduk ere ekitaldi nazionala egin du eguerdian, 12:30ean, Bilboko Plaza Berrian, eta bertan egon dira Arnaldo Otegi alderdiaren koordinatzaile nagusia Iker Casanova Bizkaiko ahaldun nagusigaiarekin eta María del Río Bilboko alkategaiarekin batera. "Espero bezala, kanpaina zikina eta lokaztua" izaten ari dela salatu du EH Bilduk Bilbon. "Geldiezina den aldaketa gelditzen saiatzeko", neoliberalek Espainiako politikaren txarrena ekarri dutela salatu du gaur Arnaldo Otegik. Bere aldetik, Bizkaiak aldaketaren epizentroa izan behar duela azpimarratu du Iker Casanova Bizkaiko ahaldungaiak.
PSE-EEk 11:00etan egin ditu ekitaldi nagusiak, Gasteizen eta Bilbon. Lehenengoan turismoa izan du hizpide Maider Etxeberria alkategaiak, eta bigarrenean mugikortasun iraunkorra izan da gaia Nora Abete alkategaiarentzat. Arratsaldean, Marisol Garmendia, PSEren Donostiako alkategaiak Donostia "beste era batera eraikitzeko" aukerak daudela esan du. Donostiako Easo plazan, trenbidea lurperatu behar dutela aprobetxatuta, Amara auzorantz boulevard berde erraldoi bat aldarrikatu du Marisol Garmendia sozialistak. Era berean, besteak beste, bertan etxebizitza publikoak eraikitzea proposatu du, alokairuzkoak.
Elkarrekin Podemosek Arabako garraio publikorako 25 euroko hilabeterako abonua proposatu du. Araba barruko garraio publikoa kritikatu du alderdiak, eta Aldundiak Gasteiztik kanpoko biztanleak bigarren mailakotzat dituela salatu du. Gaurko ekitaldian, Miranda, Gasteiz eta Altsasu lotuko dituen aldirietako zerbitzua bultzatzeko konpromisoa iragarri du Damian Garcia hautagaiak, tartean, Arabako hiriburuan hiru geltoki jarrita, "herritarren beharretara egokitzeko".
Bizkaian emaitzak aldatu behar direla esan du Raquel Gonzalez PPko ahaldungaiak. Bilboko emakumeek bizi duten egoeraz hitz egin du Esther Martinez PPko alkategaiak, eta adierazi du euren mezua ez dela "pasarelako eta postaleko feministena". Donostian, trafikoaren "kaosari" aurre egiteko konpromisoa hartu du Borja Corominas PPko alkategaiak. Gipuzkoako hiriburuaren erdialdean trafiko mozketa bat antzeztuz, EAJren "asmoa erdigunea ibilgailuei ixtea" dela salatu du eta, horren aurrean, alkategai popularrak azpimarratu du hiriko mugikortasunean zeresana duten eragile guztiekin erabakiak hartuko dituela.
NAFARROA
Nafarroako presidentegai guztiak Iruñean agertu dira gaur. Alderdi Sozialistak Hector Gomez Industria ministroa ekarri du Nafarroako hiriburura, eta Nafarroako industria sarea garatzeko duen asmoa irudikatu nahi izan dute. Javier Esparza UPNko presidentegaiak koalizio abertzalearekin "hausteko" eskatu dio Chiviteri Berrioplanon. Gaur bertan erantzun dio EH Bilduk: Joseba Asiron Iruñeako alkategaiak esan du polemika "batzuen urduritasunak" eragindakoa dela. Sozialistak eztabaidatik kanpo gelditu dira.