Itxi

Hauteskunde kanpaina

Maiatzaren 28rako hauteskunde kanpainaren lehen igandea

eitb media

Leer en Castellano

Hauteskundeetarako bi aste eskas falta direnean, alderdiek hauteskundeei begirako maratoiarekin jarraitu dute igande honetan, azken botoa lortu arte.

Hautagaiak, hauteskunde kanpainan. Argazkia: EITB MEDIA

Maiatzaren 28a urrun dagoela eta, ondorioz, boto-ehizarako oraindik aukera asko daudela iritzita, alderdiek lanean jarraitu dute hauteskunde kanpainako lehen igandean.

EAJk mitin nazionala egin du gaur eguerdian Arrasateko Plaza Nagusian, eta bertan izan dira Gipuzkoako hautagai nagusiak. Bizkaian berriz, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusigaiak Itxaso Atutxa BBBren burua eta Andoni Ortuzar alderdiaren presidentea izan ditu lagun Lekeition eta Gernikan, hurrenez hurren, egin dituen mitinetan. Seinalatutako 44 hautagaiei egindako kritika "biktimismorik gabe" onartzeko eskatu dio Urkulluk EH Bilduri eta EAJren "estrategia eraikitzailearen" aurrean, Sorturen "estrategia suntsitzailea" kritikatu du Joseba Egibarrek, eta orain hori kudeatzen ari direla leporatu dio Otegiri. Gernikan, Ortuzarrek, autogobernua defendatzearen garrantzia azpimarratu du. Halaber, babesa eman dio Xabier Irazabal alkategai berriari, azken bi legealdietan EAJren zerrendaburu izandakoarekin lehiatuko dena. Eta esan du EAJk bertako aginte-makila berreskuratuko duela.  

Arrasaten bertan egin du EH Bilduk ere beste hauteskunde-ekitaldi bat, eta Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusia bertan izan da. Eva Lopez de Arroyabe, EH Bilduren Arabako ahaldungai nagusia, berriz, Bastidan izan da 13:00etan, Bakearen plazan egin den ekitaldian parte hartzeko. Iker Casanova Bizkaiko ahaldun nagusigaia Lemoara joan da, Jasone Agirre legebiltzarkidearekin eta Eukeni Bizkarregi alkategaiarekin batera ekitaldia egitera. Herri honetan aldatu beharreko "gauza asko" daudela esan dio Otegik EAJri. Bestalde, Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldungaiak ere "politika egiteko modua aldatzera" dei egin du, besteak beste, "Arrasate erreferente izatera itzul dadin". Hain zuzen ere, Jeltzaleek Gipuzkoako motorretako bat zen herrian izandako "utzikeria" salatu Maider Morras Arrasateko alkategaiak.

PSE-EEk hautagai sozialista gazteak bildu ditu Bilbon, FICC terminalean, 11:00etan, eta bertan izan da Nora Abete hiriburuko alkategaia. Gazteak Bilbon gera daitezen konpromisoa hartu du Abetek. Teresa Laespada Bizkaiko ahaldungaiak ere hartu du hitza eta bere abalik onena Aldundian zortzi urteotan egindako kudeaketa dela defendatu du. Era beren gazteek euren bizi-proiektua Bizkaian garatu ahal izateko lanean arituko direla agindu du Laespadak .

Elkarrekin Podemosek mitina antolatu du 11:00etarako Santi Brouard plazan, Galdakaon. Udal mailan ere gobernatzen badakitela aldarrikatu du Elkarrekin Podemosek. Koalizioko hautagaiak azpimarratu dutenez, aurreko 40 urteko kudeaketa jeltzalearekin alderatuz, herriak "aldea" ikusi du. EAJren eredua ahotan, osasun-zerbitzu publikoa "basamortua" dela kritikatu du Elkarrekinek. Galdakao adibide jarrita, udal gobernuetan koalizioan egonda "jendeari bizimodua aldatzen dioten neurriak" hartu izanaren bermea dutela azpimarratu du Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak

PPk ekitaldia egin du Donostian Borja Corominas alkategaiarekin. Corominasek XXI. mendeko hiri erreferenteen artean kokatu nahi du Donostia eta horretarako Donostiak behar duen "anbizioa" badaukatela esan du, "Eneko Goiaren Gobernuak ez duena", gaineratuz. Arratsaldeko ekitaldi nagusia Gasteizen dute gaur, Europa jauregian afari-mitin batekin bukatuko du Alberto Nuñez Feijoo gaurko kanpaina-maratoia. Euskadiko foru- eta udal-hautagaiei babesa ematera etorri da PPren burua. "Feijoo efektua" maiatzeko hauteskundeetan "lagungarria" izango delakoan daude popularrak Euskadin. 

Azkenik, Voxek ekitaldia egin du Gasteizen, eta bertan, "EH Bildu legez kanpo geratzea" espero duela esan du Abascalek:

NAFARROA

Nafarroan, Maria Chivite PSNko presidente eta hautagaiak bere akolitoak bildu ditu Orkoienen, 11:45ean; UPNk eguerdian egin du bere ekitaldia, Iruñeko Entzierroaren Monumentuan; Laura Aznal (EH Bildu) Erriberara joan da Sartagudako frontoian egingo duen ekitaldian parte hartzeko; eta PPNk Alberto Nuñez Feijoo bere alderdiko presidentearen bisita jasoko du, 17:30ean, Baluarten egingo duen ekitaldian. Esparzak (UPN) aurrez aurreko eztabaida proposatu dio Chiviteri (PSN) eta Memoria Historikoaren Legea izan du hizpide EH Bilduk. Edonola ere, herritarrek dituzten arazoei erantzuna emateko beharra aho batez aldarrikatu dute gaur Nafarroako hautagai guztiek.