M28
EAJk irabazi du Bilbon eta Donostian, EH Bilduk Gasteizen eta UPNk Iruñean
D.P. | EITB Media
Alderdi jeltzaleak babesa galdu du erakundeetan, eta koalizio abertzaleak hazkunde handia izan du lurralde guztietan.
EAJ izan da alderdi bozkatuena Bilboko eta Donostiako udal hauteskundeetan; EH Bildu, Gasteizen, eta UPN, Iruñean.
Oro har, M28ko hauteskundeek aldaketa sakonak ekarri dituzte gure mapa instituzionalean: alderdi jeltzalea lehen indarra izan da EAEko hiru hiriburuetako bitan eta Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina atzera egin du bototan eta boterea galdu du erakunde guztietan. Koalizio abertzaleak, aitzitik, hazkunde oso handia izan du lurralde guztietan, eta bozkatuena izan da Arabako hiriburuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Iruñean, gainera, aukerak ditu Alkatetza bereganatzeko.
Horrela, Gasteizen, EH Bilduk 7 zinegotzi lortu ditu, duela lau urte baino bat gehiago, eta EAJ (orain arte agintea zuen indarra) laugarren lekura jaitsi da. PSE-EEk, PPk eta EAJk 6na ordezkari lortu dituzte, eta lau indarren arteko aldea 3 puntukoa baino ez da izan.
PSE-EEk eutsi egin dio hirugarren indarrari, boto guztien % 16 lortuta, eta giltzarria izango da hainbat erakundetan gehiengoak osatzeko. Gasteizen, gainera, Alkatetza bereganatuko luke gehiengo osoa batzeko gauza izango balitz.
EAEko PPk hobetu egin ditu emaitzak hiru hiriburuetan, eta erabakigarria izango da Gasteizen, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta beste hainbat lekutan.
Elkarrekin koalizioak maldan behera egin du lurralde guztietan, eta Vox Arabako Batzar Nagusietan sartu da.
Hiriburuak
Bilbon, alderdi jeltzaleak aise irabazi du (12 zinegotzi). Hori bai, bi ordezkari galdu ditu eta gehiengo osotik urrundu da.
Donostian, EAJk irabazi du, 9 zinegotzirekin, baina bigarren geratu den EH Bilduri tarte oso txikia aterata. Azken horrek 8 ordezkari eskuratu ditu. Jeltzaleen eta ezker abertzaleko koalizioaren artean puntu eskaseko aldea dago.
Iruñean ere, oso estua izan da lehia: UPN nagusitu da, 9 ordezkarirekin, eta koalizio abertzalea 8an gerturatu da.
Batzar Nagusiak
Araban, EAJ nagusitu da, 15 batzarkide eskuratuta, baina bi galdu ditu. EH Bilduk 14 lortu ditu, bi gehiago.
Bizkaian, alderdi jeltzaleak garaipen zabala izan du, 23 eserleku irabazita. Nolanahi ere, urrundu egin zaio gehiengo osoa, bi ordezkari galdu baititu. Koalizio abertzaleak, bere aldetik, nabarmen egin du gora, 5 batzarkide gehiago jaso dituelako (15).
Gipuzkoan, EH Bilduk aurrea hartu dio EAJri lehen indar gisa, 22 ordezkarirekin (5 gehiago). Alderdi jeltzaleak, berriz, hiru eserleku galdu ditu, 17 izango baititu.
Nafarroako Parlamentuan
Nafarroan, UPNk irabazi du, 15 eserleku jasota, baina egungo presidenteak, Maria Chivite hautagai sozialistak, egungo 11 ordezkariak mantendu ditu, eta egungo gobernu formulari eutsi ahalko dio ezkerreko alderdiekin. Era beran, EH Bilduk aurrea hartu dio Geroa Bairi hirugarren indar gisa.