Itxi

Teknologia Irekiak

Librecon: software libre eta teknologia irekien topaketa

2014/11/10

Euskalduna Jauregiak ateak irekiko dizkio nazioarteko IV. edizioari.

Bihar, azaroak 11, eta asteazkenean, azaroak 12, teknologia irekien inguruko nazioarte mailako negozio eta enplegu topagune garrantzitsu bilakatuko da Bilbo. Edizio honetan, berrikuntza, ekintzailetza eta teknologia irekien erabileraren arrakasten inguruko konferentzia eta dinamikak eskainiko dira.  Xede nagusia, berreskurapen ekonomikoan eragin garrantzitsua duen  sektore baten onura errealak ikusgai egitea da.  Administrazio publikoentzako eta enpresentzako aukera oso ona omen da teknologia irekiak ezartzea, batez ere, eskaintzen dituen aurrezpen handiagatik.

Librecon 2014 lau ardatz nagusitan oinarritzen da: industria, komertzioa, finantzak eta heziketa. Izan ere, arlo hauetan probatutako hainbat soluzioa azalduko dira. Alde batetik, konferentzia eta tailerren arean,  60 tailer praktiko inguru eta  nazioarte mailan aitzindariak diren soluzioei (HTML5, openstack, opennebula…)  buruzko konferentziak egongo dira.  Bestetik, enpresa arloan,  Hodei Soluzioetan, Mugikortasunean, Big Data edo Komertzio Elektronikoari loturiko erakunde handi zein txikiek aurrera eramandako adibideak jorratuko dira.

Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak, ESLEk, eta Software Libreko Enpresen Federazio Nazioalak antolatu dute kongresu hau. Gainera, arlo honetan lan egiten duten enpresa eta erakundeetako 1500 arduradunek parte hartzea aurreikusten da.

Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian ospatuko da,  azaroaren 11an eta 12an, 9:30etatik 18:00etara. Sarrerak Librecon web orrian eskuratu daitezke.