Itxi

Zorrotzaurre

Gehry Zubia inauguratu dute, Bilboren hurrengo birsorkuntzaren ikonoa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Oraingoz oinezkoek bakarrik erabili ahal izango dute zubia eta datorren urtean Deustuko kanala zabaltzen denean ibilgailuentzako ere irekiko da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak astelehen honetan inauguratu dute Frank Gehry zubia, Zorrotzaurreko lanak amaitutakoan hiria uhartearekin lotuko duen lehen zubia.

Aburtok azpimarratu du 75 metro luze eta 30 metro zabal den azpiegitura berria Bilboko bi eremuren loturaren "ikono" bilakatuko dela, eta "iraganaren eta orainaren" bat-egitea irudikatzen duela.

Zubia lehorrean eraiki dute eta, momentuz, oinezkoek bakarrik erabili ahal izango dute Deustutik Zorrotzaurrera joateko. Dena den, datorren urtean Deustuko kanala zabaldu eta Zorrotzaurreko uhartea errealitate bihurtzen denean ibilgailuentzako ere irekiko da.

Deustuko kanala irekitzeko eta zubia eraikitzeko proiektuak 20,9 milioi euroko aurrekontua du eta Arenas Asociados enpresak du lanen ardura. Zorrotzaurreko lanen atarian irakur daitekeenez, zubia egiteko inbertsioa 5,7 milioi eurokoa da, BEZik gabe.

Aipaturiko zubi berriari Frank Gehryren izena jarri diote Bilboko Guggenheim museoko arkitektoaren omenez, eta Frank Gehry bera Bilbon egon zen 2014ko urriaren 25ean zubiaren lehen harria ipini zutenean. Bilboz eta Euskal Herriaz maiteminduta zegoela adierazi zuen Gehryk.

Zubiak 75 metroko luzera eta 28 metroko zabalera du, ibilgailuentzako bi bide ditu norabide bakoitzean, espaloia albo bakoitzean eta bidegorri bat.

Gehry zubiaren ondoren, bigarren zubi bat eraikiko dute San Ignazio eta Zorrotzaurre lotzeko eta Frank Gehry zubiaren antzerako tamaina izango du -75 metro luze eta 26 metro zabal-.

Deustuko kanala irekitzeko proiektuaren baitan egingo dituzte bi zubi berri horiek eta proiektuaren helburua Bilboko uholde arriskua gutxitzea da.

Lanak amaitzen dituztenean Zorrotzaurreko uharteak 840.000 metro koadroko azalera izango du eta bertan 5.500 etxebizitza eta jarduera ekonomikorako hainbat eraikin eraikiko dira.

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)