Itxi

Zurbaranbarri

Bilboko Metroaren 3. lerroko lehen 'fosteritoa' hasi dira jartzen

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Sarbide berria Lezamako Trenbide Zaharra kalean egongo da, Bizkaiko hiriburuan. Haren bidez, Zurbaranbarriko geltokira sartzeko aukera izango da; Zumaia kaletik ere beste sarbide bat egongo da.

Zurbaranbarriko geltokiko 'fosteritoa', obretan. Argazkia: Euskal Trenbide Sarea.

Euskal Trenbide Sarea, ETS, Bilboko Metroaren 3. lerroko lehen fosteritoa eraikitzen hasi da. Berori Bizkaiko hiriburuko Lezamako Trenbide Zaharra kalean egongo da.

ETSk azaldu duenez, sarbide berri honek aukera emango du Zurbaranbarriko geltokira ailegatzeko. Geltoki horrek beste sarrera bat izango du, Zumaia kalean, bi pasabide higikorrekin; nasa horretan igogailu bikoitz baten bitartez ere sartu ahal dira erabiltzaileak.

"Fosterito"aren gainean, Bilboko Metroan hain bereziak eta ezagunak diren konkortutako beirak ezarriko dituzte. Norman Foster arkitekto britainiarrak diseinatu zituen; hori dela-eta ezagutzen ditu jendeak "fosterito" izenaz.

Une honetan, Alde Zaharreko geltokian izan ezik, 3. lerroko gainerako sei geltokietan amaituta dago obra zibila, eta instalazioak ari dira egiten (eskailera mekanikoak ari dira jartzen, aireztapenak, katenaria, trenbidea eta seinaleak).

Euskotrenek kudeatuko duen 3. Lineak 5,8 kilometroko luzera izango du, Etxebarritik Matikora, 70.000 laguni baino gehiagori emango dio zerbitzua, eta aurrekontua 279 milioi eurokoa du; Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdi bana ordaintzen dute.

Albisteak (3)