Proba moduan
Bilbobusek % 100ean elektrikoa den autobus bat izango du bi astean
Agentziak | Erredakzioa
16 lineatan probatuko dute, nola dabilen egiaztatzeko; Donostian, Bartzelonan, Londresen eta Marseillan badute, dagoeneko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilbobus Bilboko autobus-zerbitzuak autobus berria du, Irizarrena eta % 100ean elektrikoa bera. Apirilaren 25era arte, 16 lineatan probatuko dute hirian, xede izanik "zerbitzuko benetako baldintzetan" nola dabilen baieztatzea.
Autobusaren aurkezpenean, besteak beste, Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen zinegotzi Alfonso Gil izan da, bai eta Irizarreko elektromugikortasuneko arduradun Hector Olabe ere.
"Zerbitzuko benetako baldintzetan"
Alfonso Gilek aurreratu du autobusa, ondorengo asteotan, "zerbitzuko benetako egoeretan" erabiliko dutela, eta nabarmendu ere nabarmendu du Bilbok "orografia oso berezia" duela. Halaber, gogorarazi du Udalak konpromisoa duela ingurumenarekin, jasangarritasunarekin eta garraioak ingurumenean duen eragina murrizteko irtenbideak bilatzearekin: "Aukera jasangarriak aurkitu nahi ditugu".
Irizar i2e autobusa da Irizar Taldearen berezko teknologia erabilita garatu eta egindako lehen autobus integrala. Donostian, Bartzelonan, Londresen eta Marseillan badabil, eta, Bilbon baino lehen, beste hiri batzuetan ere probatu dute, hala nola Parisen, Madrilen, Zaragozan edo Iruñean.
Egunaren amaieran 7 orduz kargatzen ematekotan, 14-16 orduz gidatzeko aukera ematen du; autobus elektriko batek urtean 88 tonako murrizketa dakar CO2ko emisioetan; halaber, erregaiko 33.000 litro aurrezten dira.
Bere osagaiak birziklagarriak izatea ere bada ezaugarrietako beste bat. Ecodesigneko hastapenak txertatzen garatu dute, eta ingurumen-irizpideak ezarri dituzte autobusa diseinatzean. Bateriak ere dira birziklagarriak, % 99an.
Elektromugikortasunaren alde
Gilek nabarmendu du Bilboko Udalak elektromugikortasunaren alde egiten duela: "Auto elektrikoaren eremuan ari gara lanean; izan ere, ordezkapeneko auto bat dugu taxiaren arloan, kargatzeko 'gasolindegia' ere jarriko dugu eta izan baditugu batzuk dagoeneko, baina falta zitzaigun nagusietako bat: elektromugikortasunaren ikurrak, Bilbobus kasu".
Hori dela eta, Gilek zehaztu du Bilbobusek 15 egunean lan egingo duela autobus elektriko honekin, benetako proba egiteko: "Erabat baieztuta dago Paris edo Londresen badabilela, ondo gainera, baina hemen ere izan nahi genuen".
Bilboko Udalak autobus-sorta bat bereganatu nahi du ondorengo hilabeteotan, eta, hortaz, "unitate elektrikoak izateko aukera nahi dugu"; horregatik egin nahi du Udalak proba hau.
"Oraintxe bertan apustua da, eta proba egin behar dugu; hori dela eta ibiliko da autobus hau Bilbotik, eta, probak positiboak badira, guk baliabide guztiak jarriko ditugu hau bezalako unitateak gure flotan ere izateko", esan du Gilek.