Ollerietabarrenako gatazka
Ihes eginda zegoen 'Pitxi'etako kide bat atxilotu dute Santutxun
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Istiluak izan dira auzokideen eta klan gatazkatsu horretako kideen artean.
Bilboko Udaltzaingoak 'Pitxiak' klan gatazkatsuko kide bat atxilotu du astearte honetan, Santutxun.
Atxilotutakoa 20 urteko mutil bat da. Hainbat zentrotatik ihes egin zuen, eta hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua emanda zegoen. 14:35ean atzeman dute.
Handik ordubetera, udaltzainek sendi bereko hiru pertsona identifikatu dituzte Ollerietabarrena kalean, ustez zenbait auzokideri eraso eta mehatxu egin baitiete.
Horren ostean, hainbat herritar hara bertaratu dira, biktimak babesteko, eta istiluak izan dira. Hori dela eta, dozenaka polizia joan behar izan dira.
Agiri batean, Udalak gaitzetsi egin ditu istiluak eta Ollarietabarrenako bizikidetza arazoak konpontzeko borondatea agertu du.
Maiatzaren 19an, Udalak esan zuen Pitxiak "indargabetu" egin zituela, lau atxiloketa egin ostean.
Nolanahi ere, Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak adierazi zuen Ollerietabarrenakoa "gatazka soziala" dela, eta "aparteko esfortzuak" behar direla, pozia bidaltzeaz aparte. Horren ildotik, klan gatazkatsuan "hezkuntza eta terapia" mailan lana egin beharra dagoela esan zuen.