Enplegu publikoaren eskaintza
Bilboko Udalak 50 lanpostu publiko eskainiko ditu aurten
eitb.eus
26 lanpostu Udaltzaingokoak dira, 12 lanpostu hainbat kategoriatakoak, eta beste 12 lanpostu barne-sustapenekoak.
Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak gaur enplegu publikoaren eskaintzaren inguruan onartutako proposamenean, Udaltzaingoko 26 lanpostu izango dira, hainbat kategoriatako 12 (2 gizarte-langile, Administrazio Orokorreko 5 teknikari, ingeniari 1, ekonomialari 1, albaitari 1, arkitekto tekniko 1 eta subalterno 1), eta lanpostu barne-sustapeneko beste 12.
Udalak gaur onartu du 2016. urteko Enplegu Publikoaren Eskaintzari (EPE) dagokion lanpostu-zerrenda, udal lanpostuen bilakaera eta beharrizanak aztertuta eta aurrekontuei buruzko legerian ezarritako mugapenei atxikita.
Guztira, 2016ko EPEak 50 lanpostu ditu Bilboko udal administrazio osoarentzat, eta Mikel Alvarez Alkatetza, Garapen Ekonomikoa eta Gobernu Onaren zinegotzi koordinatzailearen esanetan, lanpostu-horniketa hau "oso albiste ona da Udalarentzat eta herritar guztientzat".
Era berean, aurtengo ekitaldiko azken hiruhilekoan, Udalak Udaltzaingoko 55 lanposturako hautaketa-prozesua deitzea aurreikusia du. Lanpostu horietatik 26 gaur onartutako 2016ko EPEkoak dira, eta gainerako 29ak 2014ko eta 2015eko Enplegu Publikoaren Eskaintzei dagozkie.