Urtarrila-abuztua
Bilboko aireportuak 3 milioi bidaiariren marka gainditu du
eitb.eus
% 7,4 hazi da bidaiarien kopurua Bilboko Aireportuan, urtarrilaren eta abuztuaren bitartean.
Aenak prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, % 7,4 hazi da bidaiarien kopurua Bilboko Aireportuan, urtarrilaren eta abuztuaren bitartean. Guztira, 3.090.220 bidaiari izan ditu, eta horietako 3.077.775 bidaiari hegaldi komertzialetan bidaiatu dira.
Abuztua, halaber, hilabete ona izan da; izan ere, 469.038 bidaiarik erabili dute aireportua, iaz baino % 3,3 gehiago.
Abuztuko datuei begira, hegaldi komertzialetan izan diren bidaiari kopuru osotik, 228.297 Estatu mailakoak izan dira eta 239.748 nazioartekoak. Espainia mailako hegaldiak % 0,9 jaitsi dira eta nazioartekoak % 8,2 hazi.
Halaber, 30.359 lurreratze eta aireratze izan dira urteko lehen zortzi hilabeteotan; % 3,1 gehiago, alegia.
Hondarribiko aireportua
Bidaiarien trafikoa % 3,3 hazi da Hondarribiko aireportuan, urteko lehen zortzi hilabeteetan eta 2015eko datuekin alderatuta. Guztira, urtea hasi zenetik, 175.272 bidaiari izan dira.
Abuztuan 17.382 bidaiari pasatu dira Hondarribiko aireportutik eta 599 hegaldi izan dira, iaz baino % 0,8 eta % 1,5 gehiago, hurrenez hurren.
Urtarriletik 4.666 hegaldi izan dira, 2015ean baino % 5,1 gehiago, hain zuzen ere.
Gipuzkoako aireportuak Madrilera eta Bartzelonara eskaintzen ditu hegaldiak, urte osoan; eta Londresera eta Palmara, udan.
Forondako aireportua
Merkantzien garraioak % 21,2ko hazkuntza izan du Forondako aireportuan, abuztuan, iazko hilabete berarekin alderatuta. Guztira, 3.649 tona garraiatu dituzte abuztuan.
Urtea hasi zenetik, hazkundea % 16,9koa izan da. Zortzi hilabete horietan 34.230 tona igaro dira Forondatik.
Hegaldien kasuan, 541 izan dira abuztuan eta 4.575 urtea hasi zenetik, iaz baino % 2,6 gehiago.
Bidaiariei dagokionez, 1.050 pertsona igaro ziren abuztuan eta 8.363 maiatzean.
Urtea hasi zienetik 32.882 bidaiarik erabili dute Foronodako aireportua; horietako 15.940 ekainean, uztailean eta abuztuan igaro ziren.
Forondako langileen batzordeak deitu zuen grebak eragin du bidaiarien kopuruak behera egin izana; lanuztearen ondorioz hainbat charter hegaldi Loiuko aireportutik bideratu ziren.