Eskola Bideen Proiektua
Haurrak eskolara bakarrik joatea sustatu nahi du Bilboko Udalak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eskola Bideen Gida batek ikasleen autonomia eta segurtasuna bermatzea izango du helburu.
Bilboko Udalak Eskola Bideen Proiektua abiatzeko gida aurkeztu du. Horrela, umeen autonomia areagotzea dute helburu, ikastetxeetara bakarrik joan daitezen, oinez edo bizikletaz.
Proiektu horren bidez, umeek hobeto ezagutuko dituzte auzoak eta hobetu egingo dute orientaziorako ahalmena, arrisku egoerak bereizten ikasi ahala.
Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak prentsaurrekoan adierazi duenez, “helduok leku batetik bestera mugitzeko dugun modua ez da umeek dutenaren modukoa. Erritmoak ez dira berdinak eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da. Helduek normalean zuzenean egin ohi dituzte ibilbideak; umeak, ordea, non-nahi entretenitu daitezke edozein gauzarekin. Umeek bidea seguru eta inguru atseginagoan egitea da gure helburua.”
Eskola-bideak ezartzeko gida Bilboko ikastetxe guztietan banatuko da eta bertan markatuko dira proiektua abiarazteko orientabideak, printzipioak eta jarraibideak. Irizpide eta gomendio hauek ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokitu beharko dira.
“Eskola Bideak” proiektua Oinezkoen Eskubideen Europako Kartaren baitan kokatzen da eta harmonian jarri gura ditu hiria eta pertsonak, ibilgailuaren mende egon ez daitezen. Ikuspegi pedagogikotik Bilbo partaide deneko Hiri Hezitzaileen Sarearen helburuen barruan sartzen da.