17tik 24ra bitartean
Bilbok jaien lekukoa hartuko du Donostik giroa berotu ostean
Erredakzioa
19:00etan, Arriaga Antzokiko enparantzan, hasiera emango diote musikaz, dantzaz eta pozez betetako asteari; ondoren, Marijaiak txosnak zabalduko ditu.
Bizkaiko hiriburuak Donostiko lekukoa hartu eta 2013ko Aste Nagusiari ekingo dio larunbatean, 19:00etan. Ordurako, Arriaga Antzokiko plaza jendez lepo egingo da, Marijaiaren besopean egiteko zain.
Handik gutxira, 20:00etan, txosnetan lehenengo botilak zabalduko dituzte, Marijaiak txosnetako gunea zabaldu eta gero, eta hortik aurrera, jaiak ez du etenik izango hurrengo egunetan.
Bilboko jaiak aurreko urteetako joerari jarraituta ospatuko dira aurten ere, eta larunbatean, ikusmin handienen sortzen duen ekitaldia zaindo da, Balearen Desfilea, aurten, Balea eta Neptuno Erregea ditutakoa.
Segurtasuna
400 udaltzain inguru arduratuko dira 24 orduz, Aste Nagusiko egun guztietan, bereziki jende gehien pilatzen den lekuetan; esaterako, Areatzan, txosnetan, kontzertu guneetan...
Segurtasun plan berezi horretan aurreikusi dutenez, isilean lan egingo duten beste 20 bat agente ere izango dira, lapurretak eta bestelako gertaerak sahiesteko asmoz. Halaber, txakur-unitate bat ere egongo da, asko pilatzen diren guneetarako, Tomas del Hierro Bilboko Udaleko Hiritarren Segurtasun zinegotziak zabaldu duenez.
Ordutegi bereziak garraioetan
Metro Bilbao 212 orduko etengabeko zerbitzua eskainiko du Aste Nagusian, ia bederatzi egun geldialdirik egin gabe.
Ohar baten bidez zabaldu dutenaren arabera, abuztuaren 17tik 25era, zerbitzua indartuko dute, eta erabiltzaileek 24 orduz erabiltzeko aukera izango dute.
Bestalde, Renfe Aldiriko trenen zerbitzuak gaueko 650 tren jarriko dituzte denon eskura Aste Nagusian, hau da, 157.000 eserleku guztira, astebetean.