Bigarren eguna
Milaka haurrek Baly balearen desfileaz gozatu dute Bilbon
Erredakzioa
Eguraldia lagun, milaka pertsona bildu dira Bilbon Baly hartzeko. Aurtengo berrikuntza Neptuno erregea izan da.
Bilboko Aste Nagusia atzo hasi zen Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak txupina bota ostean. Gauzak horrela, milaka lagun, horietako gehienak haur gurasoekin, bildu dira gaur Bilboko kaleetan Baly balearen desfileaz gozatzeko.
Arratsalde eguzkitsua izan da. Ondorioz, eguraldia lagun, Balyren eta horren lagunen etorrera Aste Nagusiko ekitaldi jendetsuenetarikoa bihurtu da.
Desfilea hasi baino lehen, 19:00ak aldera, familiek lekua hartu dute ibilbide osoan zehar, Bilboko Kale Nagusian, alegia. Baly, 12 metrotako luzera eta bost metrotako diametroa duen puzgarria, desfilearen buruan izan da. "Arnasa" hartzean, baleak ura bota die bertan izan direnei, beroa igarotzen lagunduz.
Balearen atzetik, konfeti botatzen duen olagarro erraldoia, ahotik kea botatzen duen bisigua eta 10 metrotako luzera duen txangurroa igaro dira. Aurtengo berrikuntza Neptuno erregearen figura izan da. Halaber, jirafa afrikarrak eta Gelsey maitagarriaren 'Errege-Zaldia' ere izan dira ikusgai.
Beste ekitaldiak
Gauean, Ricardo Caballer Valentziako su-etxeak Bilboko zerua kolorez beteko du, eta zuzenean eitb.com-en ikusi ahal izango dira suak. Halaber, musikaz gozatzeko aukera ere izango da, besteak beste, Eskalariak, Siroka edo Xutik taldeen eskutik.