Balantzea
Udalak eutsi egingo dio Bilboko txupinera aukeratzeko sistemari
Erredakzioa
“Epailearen erabakiaren zain gaude”, esan du. Bilboko epaitegiak Jone Artola txupinera izendatzeko erabakia bertan behera utzi ondoren, horri eutsi edo erabakia bertan behera utzi beharko du datozen asteetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilboko jai eredua eta txupinera aukeratzeko sistema mantentzearen alde agertu da gaur Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotzia, “betiere epaile batek kontrakoa esaten ez badigu”.
“Epailearen erabakiaren zain gaude”, esan du. Bilboko epaitegiak Jone Artola txupinera izendatzeko erabakia bertan behera utzi ondoren, horri eutsi edo erabakia bertan behera utzi beharko du datozen asteetan.
Zinegotziaren hitzetan, Bilboko Udalak "errespetatu" egin du txupinera izendatzeko erabakia bertan behera uztea agindu zuen epaia.
Bilbon egindako agerraldian, 2013ko Aste Nagusiko balantzea egin du Itziar Urtasunek. Udalaren ustez, oso jai “positiboak” izan dira: “Europa Parkeak emaitza positiboak eman ditu”, Txikigunera joan diren umeen kopuruak % 50 egin du gora, eta turismo bulegoetan hartutakoen kopuruak % 14.
Bilboko konpartsen balantzea
Itziar Villafañez Bilboko Konpartsen Federazioko bozeramailearen esanetan, “txupinera aukeratzeko modua ezin da bertan behera geratu epaile batek hala esaten duelako”.
Villafañezen hitzetan, aurtengo Aste Nagusian Bilboko jai-eredua “bizirik” dagoela erakutsi dute, jaietako ekitaldietan izan den parte-hartze handia ikusita.
Aste Nagusia “inoiz baino handiagoa izateko” helburuarekin, Bilboko Udalarekin batera elkarlanean aritu direla adierazi du. Konpartsek txupinera eta pregoilaria “babestu” dituztela gaineratu du, jaietako “ordezkari nagusiak direlako”.
Gastronomia lehiaketetan parte-hartzaileen kopuruak % 20 egin duela gora nabarmendu du Villafañezek. Txosnetara joan direnen kopurua ere hazi da, baina, krisiaren eraginez, kontsumoak % 20 egin du behera.
PPk txupinera aukeratzeko sistema aldatzea eskatu du
Bestalde, Cristina Ruiz Bilboko Udaleko bozeramaileak Jaietako Batzorde Mistoa “birmoldatzea” proposatu du, “kide berriei parte-hartzea errazteko”. Orain arte, konpartsek txupinera aukeratu dute, baina PPk Jaietako Batzorde Mistoak aukeratzea proposatu du gaur.
Txupineraren inguruko eztabaidaren errudunak Bilduko zinegotziak direla azpimarratu du Bilboko PPk. “Bildu izan da erruduna eta EAJ erantzulea. PSEk, bitartean, jeltzaleen konpartsa izaten jarraitzen du”.