Iragarpena
Bilboko Aste Nagusia euripean leher daiteke larunbatean
Erredakzioa
Iragarpenaren arabera, baliteke zaparradak botatzea txupinazoan, Bizkaiko hiriburuan; litekeena da jaietako lehen gauak ildo beretik jarraitzea, baina igandean hobera joko du.
Bilboko Aste Nagusia 2015 euripean has liteke. ETBko Eguraldiaren lantaldeak aurreratzen duenez, zaparradak bota litezke Bizkaiko hiriburuan txupinazoaren orduan, arratsaldeko zazpietan. Bilboko jaiak giro hodeitsu eta ezegonkorrarekin hasiko dira, eta adituek diote lehen gauean ez dela aldaketarik izango; igandean, baina, hobera joko du. Larunbateko maximoa 26 gradukoa izango da, eta gaua freskoa: 16-17 graduren bueltan kokatuko dira tenperaturak.
Hortaz, larunbatean ondorengo egunetako eguraldirik desatseginena izango dugu; izan ere, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak dio asteazkenean giro eguzkitsua izango dugula eta tenperaturak gora egingo duela: barnealdeko zenbait lekutan 25 ºC-ak gaindituko dira. Ostegunean ere, udako giroaz gozatzeko aukera izango dugu: giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu eta bero egingo du. Zenbait zokotan lanbroa eta lainoa sortuko da egunsentian, baina gainerakoan oskarbi egongo da. Arratsaldean baliteke mendi inguruetan bero-hodei batzuk sortzea. Ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura nabarmen igoko da; kostaldean 30 ºC-ra hurbilduko dira eta barnealdean 33-35 ºC-ra.
Ostiralean, bero egiten jarraituko du, baina arratsaldean baliteke trumoi-ekaitzak izatea. Oskarbi hasiko dugu eguna, nahiz eta goi-lanbroa sor litekeen. Arratsaldetik aurrera bero-hodeiak garatuko dira, eta baliteke zaparradak botatzea, zenbait lekutan mardul samarrak. Goizean ekialdeko eta hego-ekialdeko haizea ibiliko da, baina arratsaldean iparraldera egingo du. Gauez giro epela izango dugu. Egunez bero kontuekin jarraituko dugu, baina kostaldean baliteke tenperatura apur bat jaistea.