Itxi

Su artifizialak

Txinparta batek sute txikia eragin du Gas Plazan, Bilbon

EITB.EUS

Bart 22:30 aldera zebilen hego haizeak sugarrak zabaltzen lagundu zuen, baina suhiltzaileek berehala itzali zituzten.

Argazkia: @LoreMai_kou

Ikusgarria izan bazen ere, gertatutakoak ez zuen aparteko arazorik eragin. Plazan su artifizialak ikusten bildutakoak ez zituzten atera behar izan, eta inguruan den Etxebarria parkeko barraka-guneko jarduerak ia normaltasun osoz jarraitu zuen.

Suteak ez zuen kalte pertsonalik eragin. Suhiltzaileekin batera, larrialdietarako osasun zerbitzuak eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea ere hurbildu ziren sutea izan zen lekura.

Ustez su artifizialetatik eroritako txinparta batek eragin zuen sutea atzo Bilboko Gas Plaza ondoko sasitzan. Bart 22:30 aldera zebilen hego haizeak sugarrak zabaltzen lagundu zuen, baina suhiltzaileek berehala itzali zituzten.

"Ezustekoa" arazorik gabe gainditu zutela azpimarratu du gaur goizean Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Udalak su artifizialak egitea erabaki zuen, ikuskizuna bertan behera uzteko haize nahikorik ez zegoela argudiatuz. Segurtasun protokoloa "normaltasunez" aplikatu zutela adierazi du alkateak.

Aburto: "Ez zen zuhurtziagabekeriarik izan"

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aseguratu duenez, sutean "ez zen zuhurgabetasunik izan". Komunikabideei esan dienez, sutea gaueko hamabiak laurden gutxitan itzali zuten, suhiltzaileak eta anbulantziak bertan egonda.

Aburtok zehaztu du araudiak dioela haizea 53 km/h-koa baino gehiagokoa izan behar dela suak bertan behera uzteko, baina Suhiltzaileek eta Udaltzaingoak 30 kilometro ordukoko boladak neurtu zituzten. Alkatearen esanetan, haizeak su artifizial batzuk lekualdatu zituen, "eta txinpartak lur lehorrean jausi ziren, sastrakako gune batera, eta sua hedatu zen", Gas Plazatik gertu.

Aburtok nabarmendu du segurtasun-neurri guztiak behar bezala errespetatu zituztela, eta erantzuna egokia izan zela.

Bestalde, EH Bilduren udal-taldeak jakinarazi du haize-neurketak eskatuko dituela, xede izanik jakitea laxokeririk egon zen suteak botatzean. Ohar baten bidez, EH Bilduk aseguratu du kontraesanak daudela alkatetzak eta komunikabideek emandako datuen artean: "Euskalmet eta Aemetek 22:30ean emandako datuen arabera, Deustun 54,3 km/h-rainoko boladak zeuden, eta aireportuan 63 km/h-koak ere".

Hortaz, EH Bilduk dio "laxokeriako egoera izan zitekeela", eta ondorio "oso larriak" izan zitzatekeela.

n zitzatekeela.