Itxi

Indarkeria matxista, Bilbon

C's-eko zinegotziak emakume bati eraso ziola baieztatu du Poliziak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Udaltzaingoaren argiketaren arabera, bikotekideari kolpea eman zion Bilbon; Ciudadanosen esanetan, baina, bikoteak lapurreta-ahalegina jasan zuen, eta lapurrek jo egin zuten. Jerezko zinegotzia da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Polizia-argiketak jasotzen duenez, Aste Nagusian Bilboko kaleetan kale-jantzian zeuden hiru agentek ikusi zuten gizon batek bikotekideari kolpea eman ziola. Gizona Ciudadanoseko zinegotzia da, Jerezko Udalean. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eman du argiketaren berri, ostegun honetan.

Asteazken goizaldean, gizon bat atxilotu zuten Bilboko jai-gunean, emakume bati erasotzeagatik. Geroago zabaldu zen gizonezko hori Ciudadanoseko zinegotzia dela Jerezen. Ciudadanosen arabera, baina, zinegotziak ez zion erasorik egin bikotekideari. Alderdiaren esanetan, bikoteak lapurreta-ahalegina jasan zuen kalean, eta erasotzaileek jo egin zuten gizona, azken hori lapurrei aurre egiten saiatu zenean.

Bilboko alkateak baieztatu du

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, alkateak ezeztatu egin du azken bertsio hori, eta esan du ez duela "istorio bat asmatu, jendeak jakingo duenez". Aburtoren esanetan, polizia-argiketak jasotzen duenez, "kaleko jantzian zeuden hiru agentek" ikusi zuten nola ari ziren bultzatzen emakume bat "erakusleiho baten aurka, hainbat aldiz. Jarraian, berarekin zegoen gizonak kolpea eman zion, eskuarekin, eta agenteek laguntza eskatu zuten".

Hori ikusita, "beste hainbat lekukok hartu zuten parte, eta gizonak erasoa jasan zuen. Udaltzaingoa tartean sartu zen orduan, erasoa eteteko, eta emakumeari eraso zion gizona atxilotu zuen".

Alkateak nabarmendu duenez, berak ez du zabaldu gizonezkoa Jerezen dela zinegotzi (Espainiako herri bateko zinegotzia dela besterik ez zuen esan), eta berretsi du jokabidean "plus bat" eskatu behar zaiela, bere ustez, "ardura publikoak ditugunoi".

Justiziak baieztatuz gero, Ciudadanosek kanporatu egingo du

Ciudadanosek ostegun honetan esan duenez, erasoa baieztatzen bada, alderditik kanpo botako dute; izan ere, "Ciudadanosen ez dago lekurik horrelako jarrerak dituzten pertsonentzat".

Ciudadanosek adierazi du zain dagoela Justiziak jazotakoa argitu arte, baina erasoa izan dela berretsiz gero, "berehala" kanporatuko dutela nabarmendu du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)