aurtengo datuak
Donostiak babes gabe zeuden 800 adingabe artatu ditu
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Psikologoek, terapeutek, irakasleek eta hezitzaileek izandako koordinazioaren ondorioz, kasuen % 95 zentroetan bertan konpontzen dira.
Donostiako Udalak babes gabe zeuden 800 adingabe artatu ditu aurten ikastetxeetan, haurreskoletan, kiroldegietan, gaztelekuetan eta haurtxokoetan. Psikologoek, terapeutek, irakasleek eta hezitzaileek izandako koordinazioaren ondorioz, kasuen % 95 zentroetan bertan konpontzen dira.
Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak prentsaurrekoa eskaini du gaur, eta, horretan, babes gabe dauden adingabeak artatzea udalei dagokiela azaldu du, betiere kasuak larriak ez badira.
Horren ildotik, 2010ean kasu horien atzemateko "sistema aitzindari bat" abiatu zutela gogorarazi du, "egoera horiek lehenbailehen identifikatzeko".
Aurten, 39 zentrok hartu dute parte programa horretan, hots, iaz baino bi gehiago eta hiriko guztien % 75.
Hurrengo ikasturtera begira, 41 zentrok parte hartzea espero da, portzentajea % 79ra igotzeko.