Euskotren
Loiolako geltoki berria 2017ko lehen hiruhilekoan jarriko da martxan
Agentziak | Erredakzioa
Loiolako geltokia eta bide bikoitzeko trazadura egiteko aurrekontua 22,2 milioi eurokoa da. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du 2017ko lehen hiruhilekoan jarriko dela martxan.
Donostiako hiriko Loiola auzoari zerbitzua emango dion trenbideko terminal berria 2017ko lehen hiruhilekoan jarriko da martxan. Iñigo Urkullu lehendakariak asteazken honetan adierazi duenez, proiektuaren helburua hirukoitza izango da: “trenbideko zerbitzua hobetzea; trenaren hiri-integrazioa hobetzea Loiolatik igarotzean; eta 10.000 metro karratu berri ematea Loiolari”.
Geltokia eta bide bikoitzeko trazadura bide-zubi baten gainean diseinatu zirenez, geltoki berria auzo beraren lokarria bilakatuko da eta “ehun urte luzez trenbideak sortu dituen banaketarekin bukatuko du”.
Halaber, geltoki berriari esker 10.000 metro karratu berreskuratuko dituztela gaineratu du Urkulluk. Eremu hori erabilera publikorako izango da, eta, bertan, berdeguneak, haurrentzako jolasak edota atsedenlekuak jarriko dituzte.
Proiektuaren aurrekontua 22,2 milioi eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzak ordainduko dute inbertsio gehiena. Era berean, Donostiako Udalak urbanizazio-proiektuari dagozkion 1,1 milioi euro ordainduko ditu.