Itxi

Donostiako Klasikoa

'Klasikoa'k Donostiako trafikoari eragingo dio larunbat honetan

eitb.eus

Leer en Castellano

Trafikoa eten egingo da hiriko hainbat gunetan. Horrez gain, Dbuseko autobus-lineen zenbait geraleku tokiz aldatuko dituzte, eta ilarak sor daitezke AP-8ko irteeretan.

Donostiako klasikoa

Larunbat honetan, uztailaren 30ean, Donostiako Klasikoa txirrindularitza-lasterketa lehiatuko da Donostian zein Gipuzkoako errepideetan zehar. Horrenbestez, lasterketak trafikoan aldaketak izatea eragingo du bai hirigunean, bai inguruetan ere.

Hori horrela, Donostiako Udalak jakitera eman duenez, ostiraletik bertatik (uztailak 29) emango zaio hasiera trafiko-etenaldiei. Ondorioz, 8:00etatik hasi eta arratsaldeko 20:00etara bitartean ibilgailu partikularrek debekatuta izango dute Legazpi eta Boulevard arteko bide gurutzea pasatzea (autobusek, garraio publikoak eta larrialdi-zerbitzuek baimena izango dute). Bestetik, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara, etenaldia erabatekoa izango da helmuga muntatzeko lanei ekingo baitzaie. Ordu honetan Boulevardean gelditzen diren linea guztiak Okendo kalean geldituko dira.

Eguna 30a, Boulevard goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara moztuta egongo da.

Lasterketa korritzen den egunean, trafikoarentzat goizetik itxita egongo den gunea, Boulevardean hasi eta Askatasunaren Hiribideraino zabalduko da.

Horrez gain, lasterketari irteera ematerakoan, 11:00etatik 12:00etara Boulevarda, Hernani kalea, Askatasun hiribidea, Zubieta Antiguarantz abiatzerakoan, itxita izango dira.

Halaber, lasterketak, hirian sartu ahala, aldaketak eragingo ditu aurreikusitako ibilbide ezberdinetan: Ategorrieta, Nafarroa eta Zurriola hiribideak, Zurriola zubia, Reina Regente, Zubieta, Zumalakarregi (Añorgarantz), Tolosa hiribidea (Añorgarantz), Igara eta Igeldo ibiltzen dituen zonaldea trafiko guztiarentzat itxiko da arratsaldeko 15:30etatik aurrera. Igeldo pasealekua 16:00etan moztuko da igotzeko zein jaisteko. Mozketak eragin zuzena izango du garraio publikoan eta baita gainerako trafiko osoan ere.

Informazio xehatu osoa Donostiako Udalaren webgunean dagoen pdf honetan irakur daiteke.

Dbus hiri-autobusen lineetan eraginak

Trafiko etenak uztailaren 29n hasiko dira, ostiralean, 17:00etatik 18:00etara arte Legazpi kaletik Bulebarrerako bidea itxita garraio publikorako. Bulebarreko geltokiak lekualdatuko dira:

- 5., 21., 25., 26. eta 28. lineak: Okendo kaleko ohiko geltokietan egingo dute geldialdia.
– 13-Altza linea: Boulevardeko ohiko geltokian egingo du geldialdia.
– 8. eta 42. lineak: Okendo kalea 18ra.
– 9. eta 29. lineak: Okendo kalea 3ra.
– 31. linea: Gipuzkoa plazara aldatuko da (14. linearen geltokia).

Gainera, larunbatean bertan, geraleku-aldaketa ugari egingo dira bi ordu tartetan: 08:00etatik 15:30era eta 15:30etik 18:00etara (gutxi gorabehera). Aldaketak jasango dituzten linea guztiak eta egingo diren aldaketak zein izango diren Dbuseko webgunean dagoen pdf fitxategian kontsulta daitezke.

AP-8ko irteeretan auto-ilarak sor daitezke

Bere aldetik, Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak (Bidegi) adierazi duenez, aipatu txirrindularitza-probaren eraginez egingo diren errepide-tarteen eteteek eragina izan dezakete AP-8 autobideko irteeretan.

Etete horiek auto-ilara puntualak sor ditzakete AP-8ko Zarautz, Irun-Bentak eta Oiartzungo irteeretan, eta GI-20 errepideko Añorgarako irteeran, autobidetik irtetera doan ibilgailuak ezingo duelako moztutako errepidera sartu .

Aldi berean, honako beste eragin puntualak ere gerta daitezke: 11:45ean GI-20 errepideko Añorgarako irteeran; Zarauzko irteeran, 12:16ean, ordu horretan N-634 itxita egongo delako; Irunen, 14:28an, 15:11n eta 16:16ean. Hiru momentu horietan GI-636 moztuta egongo da eta Oiartzunen berriz, GI-2136 moztuko da 15:30 eta 16:35ean. Txirrindulariak ordu horietan igaroko dira errepideko puntu horietatik.

Bidegik garraio publikoa erabiltzea gomendatzen du Gipuzkoa barruko joan-etorriak egiteko, batez ere Hendaia-Donostia ardatzean. Errepide zatien mozketaz gain, egun honetan irteera operazioa dela eta AP-8 autobideak urteko ibilgailuen joan-etorri kopuru handiena izango du 58.800 ibilgailurekin.

Albisteak (4)