Itxi

E-rezeta

Milioi bat eta erdi lagunek erabiltzen dute jada errezeta elektronikoa

Erredakzioa

Gasteizen ezarri dute asteon, eta hilabete erdialderako, donostiarren esku egongo da. Bilbora abendu erdialdean helduko da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gasteizen ezarri dute asteon errezeta elektronikoa. Sistema berria gaur eta bihar artean jarriko dute martxan Arabako hiriburuko 75 botiketan eta 14 osasun zentrotan. Hala, Araba osoak du indarrean 'e-rezeta', eta EAEn milioi bat eta erdi dira jada erabilgarri duten lagunak.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Jon Darpon Osasun sailburua eta Arabako Farmazien presidentea lagun zituela, Gasteizko farmazia batean izan da gaur errezeta elektronikoaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko.

Bisitaren ostean, pozik agertu da lehendakaria, Euskal Autonomia Erkidegoko herrien % 68,5ean erabilgarri dutelako sistema berria. Hortaz, milioi bat eta erdi lagunek eskura dute jada.

Urkulluk baieztatu duenez, 'e-rezeta' azaroaren 20,21 eta 22an Donostiara helduko da eta, horrenbestez, Gipuzkoako herri guztietan izango da eskuragarri. Bilbo izango da zerrendan azkena eta, aurreikuspenen arabera, abendu erdialdean egingo dituzte paperik gabeko errezeta ezartzeko lanak.

Gasteizen ezarrita, 172 herritan eta 536 farmaziatan eskura dute gaixoek 'e-rezeta'. Urte amaieran amaituko dute ezarpena eta 2014rako urtean 30 milioi errezeta elektroniko egitea espero dute.

'E-rezeta', abantaila ugari

Sistema berria erosoagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa da Jaurlaritzako arduradunek azpimarratu dutenez.

2014an ez da paperezko errezetarik emango. Sendagilearenera joaterakoan, osasun txartela aurkeztuko dugu eta osagileak ordenagailu bidez idatzita utziko du behar dugun tratamendua. Farmaziara joatean nahikoa izango da osasun txartela aurkeztearekin behar dugun botika jasotzeko.

Are, gaixoak ez dira osasun zentrora errezeta gehiagoren bila joan beharko, farmazian emango dizkiote, medikuak izapideak eginda edukiz gero.

Sistema berri hau erabilgarri izateko ez da osasun txartela aldatu behar, ezta bestelako izapiderik egin behar ere.

Bideoak (1)