Andra Mari Zuria 2013
Jaien egun handia topera disfrutatzen ari dira Gasteizen
Erredakzioa
Gauean, musika izango da protagonista nagusia, su artifizialekin batera.
Gasteiztarrek 2013ko Andra Mari Zuriaren jaietako egun handia dute gaur. Ohiturari jarraituta, nesken eta blusen koadrilek hainbat lore sorta eraman dizkiote Andra Mariari eta lehen ordutik jai giroan ibili dira Arabako hiriburuko kaleetatik.
Auroraren mezaren ostean, blusak eta neskak kalera atera dira, batez ere hirigunera.
Ausartenek bigantxekin disfrutatu dute, baina jende asko bildu da baita ere Araban oso entzutetsua den ekintza baten inguruan: bola-jokoa.
Neskek eta blusek, bitartean, ikurriñari omenaldia egin diote eta ondoren bazkaltzera joan dira, aurtengo lehen zezenketaren zain.
Zezenak, musika eta su artifizialak
17:00 zezen plazarainoko paseotxoa egingo dute. Hala ere, aurten aurreko urteetan baino jende gutxiago biltzea espero da, krisiaren ondorioz. Blusen eta nesken kopurua jaitsi egin da, talde baten kide izateak 200 euro inguruko gastua baita.
Gauean, berriz, musika izango da nagusi Gasteizeko eszenatokietan. Foru Plazan, esaterako, Kiko Venenoren kontzertua izango da. Horrez gain, su artifizialak izango dira protagonista nagusiak.