Itxi

Txupinazoa

Zeledonek zerutik jaitsi du festa

EITB.EUS

Leer en Castellano

Gorka Ortiz de Urbinak sexu erasoen aurkako dei batekin eman die hasiera jaiei: "Ez ezetz da beti!".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Zeledonen jaitsierak hasiera eman die Andre Maria Zuriaren jaiei, Gasteizen. Aurten, euritakoa ez ezik, sexu erasoen aurkako aldarria ere ekarri du eskutan Zalduondoko baserritarrak. "Ez ezetz da beti!", oihukatu du Gorka Ortiz de Urbinak, San Miguel Elizako balkoitik.

Txupina Moises San Mateos Gaztedi errugbi taldeko presidenteak eta Cristina Molinuevo Araski saskibaloi taldeko jokalariak jaurti dute. Behean, Andre Maria Zuriaren plazan, jendetza -70.000 pertsona gutxi gorabehera- eduki dituzte zain, Zeledon noiz agertuko, Andre Maria Zuriaren jaiak noiz hasiko.

Dorrera zuzendu behar izan dute begirada, handik jaitsi baita Zalduondoko baserritarra. Balkoira iritsita, Gorka Ortiz de Urbina hezur-haragizko zeledonek hartu dio lekukoa, aterkia eta zahagia eskuan. Hainbat laguntzaileren babespean, plaza zeharkatu du, "Gora Andre Maria Zuriaren jaiak", "Gora Zeledon" eta "Gora Gasteiz" oihukatzen amaitzeko. 6 minutu eta 11 segundoan egin du ibilbidea.

Balkoian, jaien zapia jantzi die Gorka Urtaran alkateari, txupineroei eta Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileari. Gainera, ohi legez, kanta tradizionala abestu du: "Zeledon, etxe berria egin duk! Zeledon, balkoian leiho on!".

Bere aldetik, alkatea pozik agertu da, ekitaldia gorabeherarik gabe egin ahal izan baitute, eta jaietan sexu erasorik ez egitea desiatu du.

Festaren lehertzea bertatik bertara jarraitu nahi izan dutenei beirazko botilak ez eramateko gomendioa eman zien Udalak. Izan ere, txupinazoan zehar zabaldutako cava botilen kristalek ebaki asko eragiten dituzte urtero.

Badaezpada, zauritutakoak artatzeko neurri ugari hartu ditu Udalak. Hiru mediku-postu, landa-ospitale bat eta oinezko osasun langileak izan dira Plazan.

Iazko Jaitsieraren une bat. Argazkia: EFE

Zeledon eta Gasteiz ere, euskaraz

Euskarak jaietan eta EAEko hiriburuan duen tokiaren lekuko, Zeledonen kanta euskaraz jartzen duen pankarta zintzilikatu dute, beste behin, balkoitik: "Zeledon! Etxe berria egin duk. Zeledon! Balkoia leiho on. Euskaraz bizi". Aurten, gainera, Euskararen Txantxangorriaren leloa gaineratu diote: "Eman hegoak euskarari".

Jaitsiera ikusi bai, baina giro lasaiagoa nahiago dutenentzat, bestalde, bi aukera egon dira. Andre Maria Zuriaren plazatik metro gutxira, Plaza Berrian, jaien hasiera zuzenean jarraitzeko pantaila erraldoia paratu dute. Etxeko gozotasuna edo sakelakoaren erosotasuna gurago dutenek eitb.eus-en eta ETBn ikusi ahal izan dute zuzenean.

Lepo egon ohi da Andre Maria Zuriaren plaza. EFE

Egitaraua, denontzat

Zeledonen Jaitsiera amaituta, sei jai egun dituzte izango dituzte aurretik gasteiztarrek. Gasteizko jaien egitarauak denetik eta denontzat du: kontzertuak, kale animazioa, kale-antzerkia, umorea, lehiaketa gastronomikoak.... Euskarak aparteko lekua izango du ekitaldietan, eta Matxete plaza izango du erdigune. Hori guztia gutxi balitz, 2.000 neska eta blusa arduratuko dira jai giroa alaitzen.

Festa ilundu ditzaketen gertaeren jakitun, sexu eraso eta gehiegikeriaren kontrako protokoloak prestatu dituzte Gasteizko Udalak eta mugimendu feministak. Karmele Jaio idazleak pregoian aldarrikatutakoa gogorarazi dute biek ala biek: emakumeek jaiak askatasunez bizi nahi dituzte. Hala izan bedi!

 

Albisteak (5)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)