Sexu-erasoa
Zortzi lekukok deklaratu dute sanferminetako bortxaketaren kasuan
Agentziak | Erredakzioa
Lekukoen deklarazioaren ostean, defentsak akusatuak aske uzteko eskatuko duela eman du jakitera.
Zortzi pertsonak deklaratu dute, lekuko gisa, Iruñeko 5 zenbakidun Auzitegiaren aurrean aurtengo sanferminetan neska batek jasandako bortxaketaren kasuan. Horren ostean, defentsak akusatuak aske uzteko eskatuko duela esan du.
Bost gazte andaluziar espetxean dira, aurtengo San Fermin jaietan 18 urteko neska madrildar baten bortxaketagatik prozesatuta baitaude.
Irailaren 2an deklaratu zuten, eta gaur lekukoen txanda izan da. Lekukoak honako hauek izan dira: jazoera izan ostean neska artatu zuen bikotea, hiru udaltzain, gertaera izan zeneko higiezineko auzotarra eta neska gazte bat, akusatuetako baten defentsak hala eskatuta.
Azalpenak ematen lau orduz egon ostean, biktimaren abokatua den Carlos Bacaicoak adierazi duenez, "poliziek bere garaian deklaratu zutena berretsi dute, eta orain argitu ezin dezakedan xehetasun interesgarriren bat gaineratu dute".
"Gehien harritu nauena defentsetako baten lekukoa izan da; izan ere, akusatuak oso atseginak zirela, asko ligatzen zutela eta ez zutela inor bortxatzeko beharrizanik esatera mugatu da", jakinarazi du. Horrez gain, ziur aski beste frogaren bat egitea eskatuko duela, eta kasua instrukzio fasean dagoenez, ikertzen jarraituko dutela esan du.
Bacaicoak aditzera eman duenaren arabera, biktimaren telefonoa eskuratu zuen emakumeak "noiz aurkitu zuen, ordua eta kalea" azaldu ditu, eta higiezineko auzotarrak zein neska artatu zuen bikoteak bere garaian adierazitakoa errepikatu dutela.
"Aurrekoan esandakoa berretsi dute: neska shock egoeran zegoela, negarrez, kontsolamendurik gabe", zehaztu du abokatuak.
Aitzitik, akusatuetako baten defendatzaileak, baieztatu du gaurko deklarazioek defentsaren teoria azpimarratu dutela, hau da, "hainbat kontraesan" daudela, eta ukatu egin du kasuari buruzko alderdi berririk atera denik.
ik atera denik.