Bilbo
39 lagun identifikatu dituzte Zorrotzaurren, hutsik dauden eraikinetan
Agentziak | Erredakzioa
Polizia-operazioan identifikatutako hiru lagunek aurrekari polizialak dituzte, mehatxuak eta lapurretak egitea leporatuta. Beste batek bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua zuen.
Bilboko Zorrotzaurre auzoan hutsik dauden etxebizitzetan gaua pasatzen duten 39 pertsona identifikatu zituzten atzo, igandea, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, elkarrekin burututako polizia-operazio batean.
Bilboko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Bilboko Udaltzaineko hamabi kide, sei furgoneta eta Ertzaintzaren txalupa batek parte hartu zuten polizia-operazio horretan. 08:30etik 11:30ak arte iraun zuen, eta ez zen istilurik egon. Orotara, Zorrotzaurre auzoko etxebizitzetan gaua pasatzen duten 39 pertsona identifikatu zituzten.
Bilboko Udalak azaldu duenez, polizia-operazioan identifikatutako hiru lagunek aurrekari polizialak dituzte, mehatxuak eta lapurretak egitea leporatuta.
Halaber, beste pertsona batek bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua zuen bere gain.