Kargatzen...
Itxi

Segurtasun balantzea

Delituak % 2,4 igo ziren Bilbon, 2016an

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Askatasun sexualaren aurkako delituek % 18,4 egin zuten gora iaz, baina sexu-erasoek % 15,5 egin zuten behera.

Bilbok 24.479 delitu erregistratu zituen 2016an, aurreko urtean baino % 2,4 gehiago. 12.179 ebasketa eta ohartu gabeko lapurreta salatu ziren iaz, delitu guztien % 53, eta 369 lapurreta egin ziren dendetan, % 21,4 gehiago. Askatasun sexualaren aurkako delituek % 18,4 egin zuten gora, baina sexu-erasoek % 15,5 egin zuten behera.

Bilboko Herritarren Segurtasun Saileko zinegotzi Tomas del Hierrok azaldu duenez, ondasunen aurkako delituak egiten dira gehien, delitu guztien bi heren baitira. Horien artean, indarrez egindako lapurretak % 8,3 jaitsi ziren eta mehatxuz nahiz indarkeriaz egindako lapurretak % 1,7.

Etxeetan egindako lapurretei dagokienez, % 5,3 igo ziren. 572 salatu ziren 2016an, eta 543, berriz, aurreko urtean. Trastelekuetan egindako lapurretak % 60 jaitsi dira, 2015ean 438 izan ondoren 175 izan baitziren 2016an.

Ondasunen aurkako delituen atalean, ebasketak eta ohartu gabeko lapurretak hazi dira gehien (% 10,8), eta delitu guztien % 53 dira horrelakoak. Aste Nagusian, San Tomas egunean, Gabonetan eta merkealdietan gertatzen dira gehienak. Guztira, 12.179 salaketa jarri ziren iaz ebasketa eta lapurretengatik.

Gizartean oihartzun handiena duten pertsonen aurkako delituei dagokienez, asko jaitsi ziren homizidioak (% 33,3) eta lesioak (% 1,9). Armekin egindako mehatxuak ere murriztu ziren (% 20,8), 106tik 84ra, baita sexu-erasoak ere (% 15,5), baina askatasun sexualaren aurkako delituek gora egin zuten (% 18,4).