Zegama
27.000 euroko zigorra ezarri diote Gipuzkoako sendalari bati
Agentziak | Erredakzioa
Sendalariaren esanetan, bezeroak ez zion kasurik egin eta ez zituen berak aholkutako belarrak hartu. Bezeroak larrialdietara jo behar izan zuen.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 27.000 euroko zigorra ezarri dio Zegamako (Gipuzkoa) sendalari bati, “sekretupeko sendagaiak” prestatzea leporatuta. Era berean, dermatitis atopikoa pairatzen duten pertsonei bideratutako kremak ekoizteko eta saltzeko debekua ezarri dio.
Sendalariaren esanetan, bezeroari emandako diru guztia itzuli zion, eta dagoeneko Eusko Jaurlaritzak jarritako 27.000 euroko isuna ordaindu du. “Sendagaien alorrean arau-hauste oso larria” dela esan du Jaurlaritzak, eta emakumeari produktuak ekoiztea eta salgai jartzea debekatu dio.
Halaber, sendalariak ziurtatu duenez, bezeroak ez zion kasurik egin eta ez zituen berak aholkutako belarrak hartu. Zehazki, belarrekin egindako infusio bat eta krema bat eman zizkion. Sendalariaren hitzetan, emakumeak ilea orraztu zuen krema eman ostean, eta, horrek, azala gorritu eta erreakzio bat eragin zion. Bezeroak larrialdietara jo behar izan zuen, lepoan azaldu zitzaion negela dela eta.
Zegamako mendietatik hartzen dituen belarrekin kremak ekoizten 40 urte daramatzala ziurtatu du sendalariak, eta inoiz ez duela horrelako arazorik izan gaineratu du. Halaber, bezero txinatarrak ere izan dituela azaldu du, eta nazioartean sendalari ugari dauden arren, inor ez dela bera bezalakoa azpimarratu du.