Itxi

Bilbo

Zorrotzako bizilagunek inguruaren ‘abandonu historikoa’ salatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Asteazken arratsalde honetan Bilboko Udalaren ordezkariekin bilduko da Zorrotzako bizilagunen elkartea. Landa eremua hobetzeko egin daitezkeen lanak aztertuko dituzte.

Bilboko Udalak Landa eremuarekiko duen “abandonu historikoa” salatu du Zorrotzako taldeen koordinakundeak asteazken honetan egindako agerraldian. Larunbatean lau pertsona, bikote gazte bat eta haien bi seme-alabak, hil ziren auzo horretako etxebizitza batean piztutako sutean.

Bizilagunak “astinduta” agertu dira prentsaurrekoan, eta ezbeharrean hildako bi umeek ikasten zuten ikastetxe horretako ikaskideak “zeharo hunkituta” daudela azaldu dute. Arratsaldean, Zorrotza auzoko kale nagusiak isilik zeharkatuko dituzte, hildako familiarengatik atsekabea adierazteaz gain haien babesa eta elkartasuna adierazteko egingo duten manifestazioan.

Zorrotzako bizilagunen elkartearen esanetan, “ezbeharra ez da ustekabean gertatu. Eremu marjinal batean piztu da sutea, Bilboko Udalak inguru horrekiko izan duen abandonu historikoa dela eta”. Ildo horretatik, auzokoen bizi-kalitatea hobetzeko Zorrotzako bizilagunek behin eta berriro egindako eskaerak gogora ekarri dituzte.

“Bilboko barrutiaren eta kanpoaldearen artean dauden desberdintasunak agerian geratzen dira une latz hauetan ”, azpimarratu du Zorrotzako bizilagunen elkarteak. Adibide gisa, auzokideek 1992ko uztaileko egunkari bat eraman dute prentsaurrekora. Bertan, Landa eremua egoera txarrean zegoela zioten.

Carlor Rodriguez Zorrotzako bizilagunen bozeramaileak azaldu duenez, joan den apirilaren 5ean Bilboko Udaleko ordezkariekin bilera bat egin zuten. Egun hartan, sugarrek kiskalitako etxebizitzaren egoerari buruz hitz egin zuten ere. Urtea amaitu aurretik eraikina eraitsi ahal izateko lanak hasi zituela jakinarazi zien Udalak.

Asteazken arratsalde honetan Bilboko Udalaren ordezkariekin bilduko da Zorrotzako bizilagunen elkartea. Landa eremua hobetzeko egin daitezkeen lanak aztertuko dituzte. “Udalak esaten duena entzungo dugu. Bizilagunok ez dugu beste ezertarako baliabide ekonomikorik“, gaineratu du Rodriguezek.

“Badakigu arazoa konpontzea zaila izango dela. Urtea amaitzerakoan konponduta badago, ondo irudituko zaigu”, esan du Zorrotzako bizilagunen bozeramaileak.

Albisteak (3)