Itxi

Aste nagusia 2017

'Dirty Dancing' musikalak filmaren magia ekarriko du Bilbora, Aste Nagusian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Musikala abuztuaren 23tik irailaren 10era izango da Euskalduna Jauregian, eta, tarte horretan, 23 saio eskainiko ditu.

'Dirty Dancing' musikalaren aurkezpena, Bilbon. EFE

Dirty Dancing musikala Bilbora iritsiko da Aste Nagusian, duela 30 urte Patrick Swayze eta Jennifer Grey aktoreek izen bereko filmean piztutako emozioak taularatzeko.

Lana 1963 urtean girotuta dago, eta hainbat gai ditu hizpide, hala nola arrazakeria eta abortua. Musikalean, filmean bezala, 17 urteko neska bat dantza irakaslearekin maiteminduko da, udako oporretan.

Musikala abuztuaren 23tik irailaren 10era izango da Euskalduna Jauregian, eta, tarte horretan, 23 saio eskainiko ditu.

Aldez aurretik, lanak arrakasta handia izan du hainbat hiritan. Madrilen, adibidez, 150.000 pertsonak ikusi dute.

Argazkia: EFE

Itxaso Barrio LetsGo ekoiztetxe bilbotarreko koordinatzaile nagusiak eta Eva Conde eta Christian Sanchez aktore protagonistek gaur Bilbon azaldu dutenez, musikala egokitzapen "zehatza" da, filmaren gidoilari berak, Eleanor Bergsteinek, egin baitu.

Christian Sanchezen esanetan, Johnny Castle pertsonaiarena egitea "erronka handia" da, ikusleek Patrick Swayzek pelikulan egindako lana baitute gogoan.

Eva Condek azaldu duenez, Frances 'Baby' Houseman pertsonaiaren paperean "zailena" dantzatzen ez dakiela simulatzea izan da.

Guztira 30 aktore, dantzari eta musikari inguruk hartuko dute parte muntaian. Besteak beste, honako kantak abestuko dituzte: "Hungry Eyes", "Hey! Baby", "Do you Love Me" eta"(I've Had) The Time of My Life" (Oskar saria irabazi zuena).

Albisteak (1)