Basauri
Gizon bat atxilotu dute Basaurin, bi pertsonari labanaz mehatxu egiteagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jolas-areto batean hasi zen iskanbila, ostiralean. Udaltzaingoak labana kendu zion atxilotuari, eta epailearen esku utzi zuen.
Basauriko Udaltzaingoak 32 urteko gizonezko bat atxilotu du asteburuan, labana handi batekin jolas-areto bateko nagusiari eta bezero bati mehatxu egitea eta estutzea leporatuta, Udalak ohar bidez jakinarazi duenez.
Jolas-areto batean hasi zen iskanbila, ostiralean. Udaltzainak udalerriko jolas-areto batera bertaratu ziren atarian hiru pertsona eztabaidan ari zirelako.
Udaltzainak ikusitakoan, J.F.D.G. Lehendakari Agirre kalerantz korrika hasi zen, eta, ihesaldian, labana handi bat erakutsi zuen.
Errepidea gurutzatzen ari zela, ibilgailu batek jo zuen eta une hori baliatu zuten udaltzainek gizona mendean hartu eta arma kentzeko.
Udaltzaingoaren bulegora eraman ondoren, atxilotuak jolas-aretoko nagusiari eta bezero bati mehatxu egin ziela baieztatu zuten udaltzainek.
Izapideak amaitutakoan, Udaltzaingoak epailearen esku utzi du atxilotua.