SANFERMINAK
Sexu eraso bat salatu dute sanferminetako bigarren egunean
Agentziak | Erredakzioa
Jarrera horiek salatu ditzaten eskatu die Udalak gisa horretako erasoak jasan dituzten emakumeei eta, oro har, herritar guztiei.
Sanferminetan izandako beste sexu eraso baten berri izan du Iruñeko Udaleko Herri Babeserako Batzordeak larunbat honetan. Erasoa jasan duen emakumeak aurkeztutako salaketaren arabera, gizonezko batek ukituak egin dizkio. Arrazoi horregatik, ikerketa zabalik dago, baina oraindik ez dute atxiloketarik egin. Alabaina, azken orduotan pertsona bat atxilotu dutela jakinarazi dute, joan den ostegunean jarritako salaketarekin lotuta.
Behin salaketak jarrita, Iruñeako Udalak emakumeen eskura jarri ditu orientazio-baliabideak, atentzio judizial eta psikologikoa eta halako kasuetarako eskaintzen duen konpainia-zerbitzua.
Iruñea osoak, erakundeek eta herritarrek erasoak irmo gaitzesten dituztela azpimarratu du Udalak ohar baten bidez. Ildo horretatik, sexu erasoak saihesteko aurten martxan jarritako kanpaina gogoratu du: ‘Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske’.
Gauzak horrela, “onartezinak diren jarrera horiekin amaitzeko” erakundeetatik judizialki zein sozialki salatzeko deia egin die erasoak jasan dituzten emakumeei eta hiritarrei.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
uzten fakturan.