Itxi

Sanferminak

Entzierro azkar eta gorabeheratsua, sanferminak ixteko

eitb.eus

Leer en Castellano

Miura andaluziar ganadutegiko zezenek aurtengo sanferminetako entzierro azkarrena egin dute. Hamahiru korrikalari eraman dituzte ospitalera, kolpeak hartuta.

Entzierroaren azken tartean, arrisku handia izan da. Argazkia: Efe.

Miura andaluziar ganadutegiko zezenek entzierro azkarra, aste osoko arinena (02:10), egin dute aurtengo sanferminak ixteko, gorabehera eta kolpe asko izan diren korrikaldian. Hamahiru lagun bidali dituzte ospitalera, kolpeak hartuta, eta, osasun langileen arabera, ez da adarkadarik egon.

Telefonicako zatian zauritu denetako batek (30 urteko estatubatuarra) garezurreko traumatismoa du, buruko larruazala zaurituta, eta zezen batek bizkarrean jo du, alboz, adarrarekin. Jon Ariceta Nafarroako Ospitale Guneko kirurgia zuzendariordeak azaldu duenez, "kezka handiena" sortu duen zauritua da hori.

Horrez gain, ospitaleratutako batek gerrialdea minduta du, eta bik besoa; litekeena da horietako batek hautsita izatea. Halaber, ospitalean artatu dutenetako batek garezurreko traumatismoa du, eta beste batek aurpegikoa.

Miura handiek batuta ekin diote bideari, buruan zezen bat zihoala, eta, horrela, lasterraldi ikusgarriak egitea ahalbidetu diete entzierroko parte-hartzaileei, nahiz eta erorikoak ugari ere egon diren.

Saldoak elkarrekin zeharkatu ditu Udaletxeko Plaza eta Mercaderes kalea, abaila handian. Zezenetako bat jausi da bertan, baina berehala zutitu da, eta bideari ekin dio berriz.

Entzierroko unerik zailena Estafeta kalea atzean utzitakoan etorri da, Telefonicako tartean. Zezen plazara iritsi aurreko bihurgunean, zezenetako batek gogor egin du eskuin hesiaren inguruan zeuden korrikalari batzuen aurka. Kolpearen ondorioz, horietako bat animalien bizkarraren gainera jausi da.

Gelditu edo mantsotu gabe, miurak zezen plazara sartu dira, eta zuzenean egin dute ukuilura, sanferminetako entzierro azkarrenean.

Sei animaliak gaur arratsaldean toreatuko dituzte, 18:30etik aurrera, Rafaelillok, Javier Castañok eta Ruben Pinarrek.

Informazio gehiago (1)

Galeriak (1)