Abuztuaren 19tik 27ra
Aste Nagusian ez duela eraso sexistarik nahi argi utzi du Marijaiak
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko jaietako ikono garrantzitsuenak eskua zabal-zabalik luzatuta du irudian, erasoen aurrean gaitzespena adierazi eta ‘ezetz’ esateko asmoz.
2017ko Aste Nagusian eraso sexisten aurkako kanpainaren irudi berria aurkeztu du astearte honetan Bilboko Udalak. Marijaia izango da kartelaren elementu nagusia, eta, aurreko urteetan bezala, mezua argia da: ?EZ beti da EZ. NO es NO?.
Irudian Bilboko jaietako ikono garrantzitsuena agertzen da, kopetilun. Kasu honetan, eskua zabal-zabalik luzatuta du, erasoen aurrean gaitzespena adierazi eta ?ezetz? esateko asmoz.
Juan Maria Aburto Bilboko alkateak ere bideo bat prestatu du mezu bera zabaltzeko. Ildo horretatik, ?eraso sexistarik gabeko berdintasunean oinarritutako Aste Nagusiaren alde? agertu da.
Bilboko Udalak kanpaina horretan parte hartzeko deia egin die hiritarrei. Hala, kanpainan agertu nahi diren pertsona guztiek bideo labur bat grabatu beharko dute, Marijaiaren antzera, eskua zabalik eta aurrerantz begira.
Bilboko Aste Nagusia hasi aurretik, Udalak jasotako bideo batzuk aukeratuko dituzte spot txikiak egiteko eta sare sozialetan zabaltzeko.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.