Itxi

GASTEIZKO JAIETAKO PREGOIA

Jaiak errespetuz ospatzeko deia egin die Ainhoa Santamariak gasteiztarrei

A. A. | EITB.EUS

Leer en Castellano

Gasteizko aktoreak Andre Maria Zuriaren jaien pregoia irakurri du gaur gauean. Festak ostiralean hasiko dira, Zeledonen jaitsierarekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ainhoa Santamaria aktore gasteiztarrak irakurri du gaur gauean 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoia, Plaza Berrian jarritako agertoki gainetik. Pregoi horretan jaiak gozatu eta partekatzeko gonbita egin die gasteiztarrei zein bisitariei, baina besteenganako begirunea aintzat hartuta. "Jaietan gozatu eta partekatu egin behar da, muga bakarrarekin, besteenganako errespetua", nabarmendu du.

Andre Maria Zuriaren jaien haurtzaroko eta nerabezaroko oroitzapenak gogora ekarriz hasi du bere mintzaldia Santamariak, eta puntu horretan azpimarratu du bakoitzak bere erara bizi dituela egun horiek: "Izan ere, gutxienez 245.000 Andre Maria Zuriaren jai daude, hau da, dauden gasteiztar kopuruaren beste, edo gehiago", esan du.

Jarraian, aktoreak errepaso zabala egin die Gasteizko jaietan protagonista diren pertsona eta alderdi ugariei, eta bertan nabarmenak izan dira norbanako bakoitzaren aniztasunaren eta errespetuaren aldeko hitzak.

"Andre Maria Zuriaren jaiek agertoki nagusi bat daukate: kalea. Eta bertan, kalean, guztiok gara berdinak. Berdinak gure aniztasunean, gure jatorrian, gure sexuan, gure adinean, gure itxuran? Berdinak ongi pasatzeko nahian", adierazi du, mintzaldiko une indartsuenetako batean.

Plaza Berria jendez lepo, 2017ko pregoia entzuteko prest. Argazkia: @vitoriagasteiz

Horrez gain, mezu garbia zabaldu du jaiez gozatzeko, baina inoren sexu askatasuna urratu gabe. "Espero dut Andre Maria Zuriaren jaietan zehar egongo diren ligatze kontuak pertsona bakoitzaren askatasun eta nahiarekiko errespetu osoz egingo direla, eta Andre Maria Zuriaren jaietan ez dela inongo sexu-erasorik edota eraso homofoborik egongo", adierazi du, irmo, oraintsu Max antzerki saria jaso duen aktoreak.

Azkenik, jaietan parte hartzeko gonbidapena egin die gasteiztarrei: "Gasteiztarrak dira Andre Maria Zuriaren jaietako protagonista nagusiak? Jaiaren arima dira, zuen esku baitago beste urte batez hiria pozez eta dibertsioz betetzea".

Pregoiaren ostean, Soledad Gimenez abeslariaren eta Gasteiz Big Band taldearen kontzertuaz gozatu ahal izan dute bertaratu direnek.

Zeledonek baditu bere gauzak

Ordu batzuk lehenago, Gorka Ortiz de Urbinak, hau da, Gasteizko jaietan Zeledon hezurmamitzen duen gasteiztarrak, Gorka Urtaran alkatearen eskutik jaso ditu abuztuaren 4an beharko dituen aterkia eta zahatoa.

Bestalde, aurten Udalak debekatu egin du hilaren 4an Zeledonen jaitsiera ikusteko asmoz Andre Maria Zuriaren plazara joaten direnek beirazko botilarik sartzea. Hartara, poliziaz eta boluntarioz osatutako 10 kontrolgune jarriko ditu plaza inguruetan, eta 90 eurorainoko isunak ezar diezazkieke araua hausten dutenei.

Albisteak (4)

Bideoak (1)