Gertakaria
Gizon baten gorpua topatu dute Bilboko etxe baten teilatuan
Agentziak | Erredakzioa
Adineko gizon bat da hildakoa. Antza, teilatuan konponketaren bat egiten ari zen.
Bilboko Suhiltzaileek gizon baten hilotza topatu dute gaur hiriburuko etxe baten teilatuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
10:10 aldera, Basurtu auzoko Santiago taldeko etxe bateko teilatuan pertsona baten gorpua zegoela eta, larrialdi zerbitzuak ohartarazi dituzte.
Bertara joan dira Ertzaintza, Udaltzaingoa, Bilboko Suhiltzaileak eta anbulantzia bat. Medikuek gizona hilda zegoela baieztatu besterik ezin izan dute egin.
Autopsiak zehaztuko du zergatik hil den. Hilotzak, baina, ez du indarkeria zantzurik. Segurtasun Saileko iturriek azaldu dutenez, gizona teilatuan konponketaren bat egiten ari omen zen, bizilagunen esanetan.