Donostia
Isuna jarri diete autokarabana turistiko baten jabeari eta maizterrei
EiTB.EUS
Donostiako Loiola auzoko parkingean aparkatuta zegoen autokarabana. Udaltzaingoa goizean joan da isuna jartzera.
Donostiako Udaltzaingoak isuna jarri die alokairu turistikoan eskaintzen zen autokarabana baten jabeari eta maizterrei, Udalak jakinarazi duenez. Autokarabana Loiola auzoan saihesbidearen azpian dagoen parkingean zegoen aparkatuta.
Goizean joan dira udaltzainak bertara, eta isuna jarri diete maizterrei. Ibilgailuaren jabeari ere espedientea ireki diote, alokairu turistikoko webgune batean izena emanda zegoen arren, horretarako behar den baimena ez zuelako.
Maizterrei arau-hauste arina leporatu eta 50 eta 200 euro arteko isuna jarri diete. Izan ere, Donostiako Udalaren zibismoaren ordenantzako 34.1 artikuluaren arabera, "ezingo da kanpatu, kanpadendarik edo kanpatzeko prestaturiko ibilgailurik jarri hartarako baimenik ez duten gune publiko eta pribatuetan".
Eneko Goia Donostiako alkatearen iritzian, "erabat portaera desegokia da" Loiolan atzemandakoa, eta Udalak "horrelako jardueren kontra gogor" egingo duela berretsi du.