Abuztuaren 19tik 27ra
Pregoi aldarrikatzaile batek hasiera eman dio Bilboko Aste Nagusiari
Agentziak | Erredakzioa
"Jatorria, generoa edota azala" alde batera utzita "Marijaia bezala besoak zabaltzeagatik" eskerrak eman dizkio Bilbori Nati Ovilleirok. Halaber, sexu erasoen kontrako aldarrikapena egin du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Puntualtasunez, 19:00etan lehertu da festa Bilbon. Urtero bezala, milaka pertsona Arriaga plazara hurbildu dira ohikoa den txupinaren jaurtiketa zuzenean ikusteko. Larunbat arratsalde honetan eman diote hasiera 2017ko Bilboko Aste Nagusiari, eta hurrengo bederatzi egunetan Bizkaiko hiriburura doazen bisitariek jai-giroan murgildu eta milaka jarduera desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.
Aurtengo pregoilaria Nati Ovilleiro Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako ordezkaria izan da. Hain ezaguna den frak jaka horia eta puntako kapela beltza soinean zuela irakurri du pregoia. Ane Ortiz Ballesteros Askapeña konpartsa internazionalistako kidea ere Arriaga Antzokiko balkoian egon da ?kasaka eta txapela gorriarekin jantzita- bera izan baira txupina jaurti duena.
Errefuxiatuen aldeko aldarrikapenez betetako pregoia izan da, eta errimak erabiliz "ongi etorria" eman die Nati Ovelleirok herritar guztiei: "bilbotarrei, hemen zaudetenei, etorri nahi eta ezin dutenei, etorriak eta etorriko direnei". Ildo horretatik, "harresien, alanbreen eta mugen" kontrako aldarria egin du, eta gazteleraz "mina gutxiago eta errima gehiago" eskatu ostean, eskerrak eman dizkio Bilbori "jatorria, generoa edota azala" alde batera utzita "Marijaia bezala besoak zabaltzeagatik".
Hala, Bilbon inor ez dela ilegala nabarmendu du pregoilariak, eta horretarako Mikel Laboa euskal abeslariaren 'Egun da Santimamiña' abesti ezagunaren bertsioa egin du. Era berean, paperak gutxiagotan eskatu ditzaten eta "Mozal Legea gutxiago" erabili dezaten eskatu du.
Era berean, sexu erasoen kontrako aldarrikapena egin du pregoilariak. "Musuak, laztanak, goxotasunak? Fin-finak jar gaitezen denak, baina erasorik ez! Ezusteko gehiagorik ez izkinatan. Kalea denona da".
Halaber, aste honetan Bartzelonan eta Cambrilsen izandako eraso terroristak gogoan izan ditu Ovelleirok, eta "besarkadarik beroenak" eman dizkie "herri Katalanei".
"Hasi dadila jaia. Gora Bilbo. Gora Aste Nagusia. Gora Marijaia" amaitu du pregoilariak, euskaraz eta gazteleraz idatzitako mezu batean. Arriaga plazan izan diren milaka pertsonek asko txalotu dute pregoia. Jarraian, Ane Ortiz Askapeña konpartsako kidearen txanda iritsi da eta jaiei hasiera eman dien txupina jaurti du.
Une horretan jaia lehertu da, eta Marijaia Arriaga Antzokiaren balkoian agertu da, soineko urdinez jantzita eta buruan arrosa koloreko zapi bat zuela. Ezpainetan irribarre handia zuela eta besoak zabal-zabalik zituela bertan zeuden milaka lagunak agurtu ditu, Kepa Junkerak sortutako abestia gogo handiz kantatzen zuten bitartean.
Jai-giroa nagusi Bilbon. Argazkia: EFE
Minutu bateko isilunea
Erakundeetako ordezkariek, politikoek eta Bilboko hiritarrek minutu bateko isilunea egin dute Arriaga Antzokiko sarreran jaiei hasiera eman aurretik, Bartzelonan eta Cambrilsen izandako erasoak salatu eta biktimei elkartasuna adierazteko. Beran Bilboko Udaleko alderdi politikoak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Eusko Legebiltzarreko kideak ere izan dira.
Ohorezko aurreskua harrera ofiziala baino lehen egin ohi da Arriaga Antzokian, gonbidatuak barrura sar daitezen. Une horretan egin dute minutu bateko isilunea, Bartzelonako eta Cambrilseko biktimen omenez.
Minutu bateko isilunea Arriaga Antzokiaren sarreran. Argazkia: EFE
Mila jardueretatik gora
Bilbok mila jarduera baino gehiago eskainiko ditu datozen bederatzi egunetan. Horien artean, ehun bat musika ikuskizun nabarmendu daitezke, besteak beste: Amaral, Antonio Orozco, Vanesa Martin, Esne Beltza, M Clan edota El Consorcio BOSekin.
ko jaiak 19:00etan hasiko dira, Arriaga Antzokiko balkoitik pregoia irakurrita. Aurten Nati Ovelleiro Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako ordezkaria izango da arduraduna eta Ane Ortiz Ballesteros Askapeña konpartsa internazionalistako kideak botako du txupina.
Une horretatik aurrera, eta hilaren 27ra arte, mila jarduera inguru izango dira, Udalak eta hainbat kolektibok antolatuta. 400 jarduera baino gehiago doan izango dira. Zortzi agertokitan ehun musika ikuskizunez gozatu ahal izango da, izan ere, besteak beste honako hauek egongo dira: Zea Mays, Amaral, Antonio Orozco, Vanesa Martin, El Consorcio eta BOS, Esne Beltza, M Clan, eta Kiko eta Shara Abandoibarran. Go!Azenek ere kontzertu bat eskainiko du.
Bestalde, Europa parkean Morat, Aste Nagusi Dance, Radio Maxima, Adi Bilbao Megastar FMrekin batera eta Green Valley izango dira, besteak beste. Plaza Berria ?munduko musikaren? erakusgai izango da, eta euskal taldeez gain, Kuba, Espainia, Jamaica, Estatu Batuak eta Europako iparraldeko musika entzun ahal izango da.
Enkarnazio Elizak musika klasikoaren zaleak bilduko ditu, eta metala eta pop-rocka nahiago dutenek 'Bertako Pop-Rocka-Pop Rock Local' kontzertuak izango dituzte, Bilborocken.
Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan goatekeak izango dira gauean. Halaber, Bilboko Musika Bandak egunero joko du Areatzan, eta gauez dantzaldiek hartuko dute haien tokia.
Marijaiaren etorrerak hasiera eman dio Aste Nagusiari. Argazkia: EFE
Haurrentzako jarduerak eta su artifizalak
Iazko edizioetan bezala, Txikigune izango da Casilda Iturrizar Parkean. 24 jarduera baino gehiago egongo dira 0 eta 12 urte arteko umeentzat.
Bilboko Aste Nagusiko kale-antzerkiaren egitarauak orotara 19 antzezlan eskainiko ditu Arriaga eta Gas plazetan, doan. Bestalde, Bilboko Udalak bilbainadak, euskal dantzak, bertsolariak, erraldoiak eta buruhandiak, herri kirolak eta pilota antolatu ditu.
Halaber, Su Artifizialen XXVIII. Nazioarteko Lehiaketa izango da Bizkaiko hiriburuan. Mundu osoko zazpi piroteknia sariren bat eramaten saiatuko dira, epaimahaiarena edota publikoarena. Lehiaketen gauen ostean, Astondoa euskal pirotekniak erakustaldi bat emango du.
Udalak ez ditu segurtasun neurriak ezagutzera emango
Juan Maria Aburto Bilboko alkateak esan duenez, Udaletxeak ez ditu Aste Nagusian hartuko diren segurtasun neurriak ezagutzera emango, ?nahiz eta batzuk nabaritu egingo diren?. Halaber, ?beharrezkoak ez diren alarmak? sortzea ekidin behar dela nabarmendu du.
Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Aburtok esan du ?Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila eta Udaltzaingoa batera lanean ari diren dispositibo bat? dagoela jakitea dela ?garrantzitsuena?, eta ?segurtasuna bermatu nahi? dutela.
Segurtasun neurriak indartu dituzte Bilbon. Argazkia: EFE