Itxi

Abuztuaren 19tik 27ra

Itsaso zabaleko animaliek Bilboko kaleak hartu dituzte Balyrekin batera

EITB.EUS

Leer en Castellano

Milaka lagun izan dira arratsaldean 'Balearen Desfilea'n. Baleak,  olagarroak, txangurruak, bisiguak eta haien lagunek Bilboko Kale Nagusian murgildu dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eguraldia lagun izanda, igande arratsalde honetan milaka lagun bildu dira Bilboko Kale Nagusian, 'Balearen Desfilea'ren hamaseigarren edizioa bertatik bertara ikusteko asmoz. Balyrekin batera itsaso zabaleko ohiko animaliak izan dira bertan: olagarroa, txangurrua eta bisigua. Haiekin batera talaiako begiralea eta arpoilariak, zenbait fanfarre eta animazio-taldeek egin dute ibilbidea.

18:00etan Plaza Biribilatik abiatu da Bizkaiko hiriburua kolorez eta soinuz bete duen desfilea. Goizean, berriz, Aste Nagusiko jai-gunean balearen bila ibili dira talaiako begiralea eta arpoilariak. Gainera, ibilbideari ekin baino bi ordu lehenago Arriaga plazara hurbildu diren pertsona guztiek pertsonaiak nola berpizten diren ikusteko aukera izan dute. Urtero bezala, familiarentzat zuzenduta dagoen ekitaldi hau haurren gustukoa izan da, horietako ume asko aho zabalik geratu baitira.

Desfilearen aurrealdean, Trokobloco batukada izan da eta horri jarraiki itsasontzi bihurtutako bi kamioi handi agertu dira. Besteak beste konfetiz eta mozorroz beteriko 15.000 poltsa banatu dizkiete hurbildu diren umeei. Jarraian, talaiako begiralea eta arpoilariek balea bilatzeko asmoz goizean hasi duten bideari ekin diote, eta haien atzetik zenbait unetan ura jaurti duen balea agertu da. Ondoren, Bizkaiko hiriburua koloreztatzeko asmoz olagarroa, txangurroa eta bisigua azaldu dira.

Itsaso zabaleko animaliek Bilboko Kale Nagusia zeharkatu ostean, ibilbidea konfetiz eta puxikez Beteta geratu da. Arrazoi horregatik, Bilboko Udalaren garbiketa-taldeak lan galanta egin behar izan du hondakin guztiak kendu eta errepidea berehala garbitzeko. Gainera, bertan zeuden pertsona batzuk txundituta geratu dira haien sinkronizazioarekin eta argazkiren bat edo beste atera dizkiete garbitzaileei.

Txikiguneak ateak ireki ditu

Casilda Iturrizar parkean ireki dira gaur 2017ko Aste Nagusiko Txikiguneko ateak. ?Txikiguneko izarrak pizten: atera barruan duzun hori? lelopean, 12 urterainoko adingabeei zuzendutako aisialdi-eremua abian da. Iaz, 144.000 pertsona baina gehiago bertaratu ziren, Bilboko jaietako esparrurik jendetsu eta arrakastatsuenetakoa bihurtuz.

Zanpantzar talde bat arduratu da 2017ko Txikiguneari hasiera emateaz. Aurten, lau gunetan banatuta dago eta 24 jarduera baino gehiago eskainiko ditu, balioek hezkuntzarako zein adin guztietako pertsonen arteko bizikidetzarako duten garrantzia nabarmentzeko asmoz. Txikigunea igandera arte egongo da zabalik, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara bitartean.

Txikiguneak hainbat berritasun izango ditu, umeentzako ?makillaje ibiltaria? esaterako. Urtero arrakasta handia izan ohi duen jarduera horrek egunero leku desberdinetan arituko diren bi talde desberdin izango ditu. Gainera, txu-txu trenak Casilda Iturrizar Parkea eta Areatzako jai-eremua lotuko ditu. zerbitzu hau 25 minuturo abiatuko da. Joaneko geltokia Udaletxearen ondoan egongo da, San Agustin Eraikinaren parean.

Abuztuaren 27ra arte Bizkaiko hiriburua jaien erdigune bilakatuko da. Izan ere, mila jarduera desberdin baino gehiago barne hartzen dituen egitarau zabala prestatu dute aurtengo Aste Nagusirako.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)