Itxi

Bilbo

Droga hartzeko txartela kokaina kontsumitzaileei bakarrik eman zien Udalak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Bilboko Udaleko ordezkariek kritikatu egin dute kokaina kontsumitzeko arriskuez ohartarazteko Aste Nagusian zabaldutako txartelaren harian sortu den "polemika artifiziala".

"Birrindu ongi zure marra' mezua zeraman txartelari egindako argazkia. EiTB

Polemika piztu da egunotan Aste Nagusian zehar Bilboko Udaleko drogen inguruko informaziogune batean kokaina esnifatzeko txartelak banatu zitutelako. "Birrindu ongi zure marra" mezua irakur zitekeen hainbat plastikozko txartel eman zituzten guneko arduradunek, esnifatzeak sudur-zuloetan eragin ditzakeen kalteez ohartarazteko. Azalpen eske, Bilboko Udaleko ordezkariekin harremanetan jarri da eitb.eus.

Osasun eta Kontsumo Saileko iturriek zehaztu dutenez, txartela "ez zen kanpaina baten parte, eta ez genuen zabal banatu, kokaina kontsumitzaileei bakarrik eman genien".

Alderdi Popularrak Bilboko Udalean duen taldeak "kanpaina kentzeko" eskatu zuen atzo, eta bi egun lehenago gogor kritikatu zuen:

 

 

Iturrion arabera, txartela kokaina kontsumitzaileentzat prestatu zuten, eta informazio eske Zazpikaleetako gunera joandako batzuei eman zieten. "Txartela ez genion edozeini eman", argitu dute. Droga kontsumitzearen arriskuez ohartarazi eta gero, elkarrizketa bat egiten zieten teknikariek, eta kokaina berdin-berdin kontsumitu behar bazuten, txartela ematen zieten. Txartelean erabilitako hizkera kontsumitzaile jakin horretara moldatu zuten: "Horregatik da hain deigarria".

Bilboko Udalak 2014an abiatu zuen "Osasuna IPP" programa. Maiatzean jarri ohi dute martxan, eta osasun sexualari eta drogei buruzko informazioa emateko ibilgailu bat paratzen dute larunbat gauetan. Horren helburua da gazteek droga kontsumoaren "arriskuen kontzientzia hartzeko eta arriskuei buruzko informazioa jasotzeko" aukera izatea, eta "kontsumo seguruagoagoa eta arduratsuagoa egiteko jarraibideak proposatzen ditu". Aste Nagusian jende ugari ibiltzen denez, informaziogune hori indartu egiten dute, ordutegi zabalagoa eskainita. Tarte horretan banatu zuten, hain justu, polemika eragin duen txartela.

Udaleko iturrion arabera, "polemika artifiziala" da sortutakoa, eta PPk ez beste gainerako taldeek ez dute argibiderik eskatu.