Itxi

AEBtik zetorren

Astebete desagertuta eman duen bidaiari bat topatu dute Donostian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

72 urteko bidaiari estatubatuarrak Bilbo bisitatzea aurreikusita zeukan, baina Gipuzkoako hiriburura joatea erabaki zuen azken unean. Getxora itzultzeko autobusa galdu eta nora ezean ibili da.

Gurutzaontzi honetan heldu zen bidaiaria Euskal Herrira. Argazkia: EiTB.

Gurutzaontzi bateko 72 urteko bidaiari estatubatuar bat topatu dute Donostian, astebete desagertuta eman ostean. Gurutzaontzia Getxora iritsi ostean, gizona Gipuzkoako hiriburua bisitatzera joan zen. Alabaina, Bizkaira itzultzeko autobusa galdu zuen eta Donostiako  kaleetan zehar nora ezean ibili zen astebetez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astearte honetan jakitera eman duenez.

Gurutzaontzi horretako arduradunak joan den irailaren 8an, ostirala, salatu zuen 72 urteko bidaiari estatubatuarraren desagerpena. Ostegunean iritsi ziren Getxora, eta Bizkaiko hiriburura bisita egin ostean itsasontzira itzultzea aurreikusita zuten, hurrengo egunean Coruñarantz joan beharra baitzuten.

Irailaren 14an, nora ezean zebilen gizonezko baten berri eman zion Donostiako Udaltzaingoak Ertzaintzari.

72 urteko bidaiariak ertzainei azaldu zienez, Gipuzkoako hiriburua bisitatzeko txango batean izena ematea erabaki zuen azken unean, baina Donostiako kaleak zeharkatu ostean Getxora itzultzeko autobusa galdu zuen.

Txango horren antolatzaileekin harremanetan jartzen ahalegindu zen bidaiaria, baina ez zuenez hizkuntza ezagutzen, ez zuen bere helburua lortu. Astebetez nora ezean ibili zen Donostiako kaleetan barrena, Udaltzaingoarengana jo zuenera arte.