KUTSADURA
Nerbioi ibaira gai toxikoak isuri diren ikertzeko eskatu du Facuak
Agentziak | Erredakzioa
Azken boladan Nerbioi ibaian agertutako arrain hilen harira ikerketa abiatzeko eskatu dio Kontsumitzaileen elkarteak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari.
Nerbioi ibaira legez kanpoko isuri industrialak ematen ari diren ikertzeko eskatu dio Facua-Euskadik Eusko Jaurlaritzari. Halaber, Nerbioi ibaiaren ur kalitatea arrainak hartzeko modukoa ote den zehazteko eskatu dio.
Azken boladan Nerbioi ibaian agertutako arrain hilen harira, kontsumitzaileen elkarteak arazoaren nondik norakoak ikertzeko idatzi bat bidali dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.
Industriak uretara gai toxikoak botatzen ari direla uste du Facuak; seguru asko, materia industrialak, modu egokian tratatu gabe, ibaira botatzen ari dira.
Hori horrela, Facuak isurien harira ikerketa abiatzeko asmoa ote duen galdetu dio Ingurumen Sailari.