Abuztutik itxita dago
Donostiak Astiñeneko zubia udan zabalduko du
Agentziak | Erredakzioa
Proiektuari alegaziorik aurkezten ez baldin badiote, lanak hasteko baimena abenduaren 4an jasotzea espero du Udalak.
Astiñeneko zubia udan zabalduko dute berriro, lanak bukatu ondoren, Eneko Goia Donostiako alkateak Hirigintza batzordean jakitera eman duenez. Zubia iragan abuztutik itxita dago, zutabeetako bat behera etortzeko arriskua dagoelako.
Zubia konpontzeko egitasmoa prestatzen asteak daramatzatela azaldu du Goiak. Obren lehen fasea bukatu ondoren, oinezkoek, txirrindulariek eta motorrek erabili ahal izango dute. Lanak amaituta, ibilgailu guztientzako zabalik egongo da.
Proiektuari alegaziorik aurkezten ez baldin badiote, Kosten Zuzendaritzak lanak hasteko baimena abenduaren 4an ematea espero du Udalak.
Bi fase
Lehen faseari hiru bat aste barru eutsiko diote. Horrela, zubia oinezkoentzako, bizikletentzako eta motorrentzako irekitzea posible izango da urte bukaeran. Lehen faseak 133.000 euroko aurrekontua izango du.
Bigarren faseak prozedura bera jarraituko du. Lanak martxoa eta apirila bitartean hasi daitezke eta uztailean bukatu. Bigarren faseak 638.000 euroko aurrekontua izango du.